Aurora-eztandak, exoplanetak bilatzeko estrategia berria

2020/02/21 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Exoplanetak GJ 1151 izarrean eragingo lukeen fenomenoaren irudikapen artistikoa Arg. Nature Astronomy

Jupiterren Io ilargiak astronomoak inspiratu ditu, eta urrutiko exoplanetak bilatzeko modu berri bat sortu dute. Jupiterrek etengabe izaten ditu aurorak bere poloetan, baina Iok gertu orbitatzen duenean, planetaren eremu magnetikoan eragin eta aurora distiratsuen eztanda moduko bat sortzen du Jupiterren atmosferan. Hala, Io ikusi gabe ere, sortzen dituen eztanda errepikakorrek agerian jartzen dute bere presentzia. Hori kontuan hartuta, astronomoek, lehenengo aldiz, eguzki-sistematik kanpoko planeta batek bere izarrean eragin ahal izan dituen aurorak identifikatu dituzte. Hala, exoplaneta berri bat aurkitu dutela adierazi dute Nature Astronomy aldizkariak argitaratutako ikerketan.

LOFAR erabilita –Europan zehar banatutako 20.000 irrati-antenen sarea– hauteman dute GJ 1151 izar nanoan eztanda aurorarra. Ustez, 1-5 egun beharko lituzke planeta berriak izarraren inguruan buelta emateko, eta zortzi orduz hauteman dute eztanda. Oraingoz, ordea, hipotesi bat besterik ez da exoplaneta horren aurkikuntza. Metodologia berri bat erabiltzen den guztietan bezala, ohiko metodo batez baieztatu beharko da emaitza. Era guztietara, ontzat emango balitz, eta exoplanetak bilatzeko beste teknikek dituzten mugak ikusita, oso baliagarria litzateke frekuentzia txikiko irrati-uhinak erabiltzen dituen teknika berria.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia