}

Atomo bakarreko transistorearen esperimentua

2002/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nanoteknologoen ametsa atomo bakarreko transistoreak egitea da. Oraindik ezin dute horrelakorik egin, baina, Nature aldizkariaren ekainaren 13ko zenbakian Cornell Unibertsitatean egindako hurbilketa baten berri eman da. Kasu horretan, zientzialariek molekula organiko batekin lotutako trantsiziozko metalak erabili dituzte transistoreak egiteko.

Molekula organikoa kobalto-atomo baten euskarria da, eta elektrodoei eusteko aukera ematen du. Sistema horrek atariko tentsio elektriko batetik aurrera beregana dezake elektroi bat, eta bakarra, gainera: Coulomb-en aldaratze-indarrek eragozten diote bigarren elektroi bat sisteman sartzea. Azkenik, molekula organikoaren eta metalaren artean elektroiak Kondo efektuaren bidez trukatzen dira (oinarrizko energia-egoerak iraun dezan molekulak duen bide bat).

Fisikariak ez daude elektroi bakarreko transistoreak egiteko gertu, baina beste urrats bat behintzat aurreratu da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia