}

Astronauten moda berria

1988/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

NASAko astronautentzako jantzi berrien azterketak hasi dira. Astronautak beren jantzi berriak jarririk 9 metroko sakoneradun urez betetako tanga batean sartuko dira.

Joan den otsailean, NASAko astronautentzako jantzi berrien azterketak hasi ziren. Astronautak beren jantzi berriak jarririk 9 metroko sakoneradun urez betetako tanga batean sartuko dira. Horrela espazioan dauden baldintzak simulatu nahi dira.

Bi jantzi desberdinen artean egin beharko da aukera eta urte bukaerarako gerta daiteke hori. Hala ere, askoren ustetan bi diseinuak konbinatzea erabaki daiteke jantzirik egokiena lortu asmoz.

Tangaren barnean kokatutako kamerek astronautak lanean (egiturak muntatzen eta desmuntatzen esaterako) nola moldatzen diren filmatuko dute. Espazioko baldintzetan bi jantziek dituzten ezaugarriak ezagutu nahi dira.

Astronautek etorkizunean orain jazten duten jantzia baino malguago eta iraunkorragoa behar izango dute espazioan denbora geihago pasatuko dutelako.

Probatuko den jantzietako bat -AX-5 izenekoa- aurreko guztietatik desberdina da. Ez du ez oihalik eta ez zati bigunik. Metal solidoz eginik dago (aluminioa kasu honetan.) Aluminio edo urre hutsezko geruza fin batek jantzia korrosiotik babestuko du eta era berean isolamendu termiko ona emango dio.

Espazioan, Eguzkiaren posizioaren arabera jantziak 200°C eta -150°C bitarteko tenperaturak pairatu behar izango ditu. Junturetan kojinete birakariak izango ditu astronautak higitzerik izan dezan. Junturen artean tamaina desberdineko eraztun aldagarriak jarriko dira jantzi bera neurri desberdineko astronautek erabili ahal izan dezaten.

AX-5 jantzi hau modularra izango da eta 15 zati nagusi izango ditu. Jantziaren osagarri desberdinak hondatzen doazen heinean aldatzea izango denez, jantziaren bizia luzatu egingo da. Oraingo jantziek 50 orduko iraupena besterik ez dute.

Beste jantzia, Mark-3 izenekoa, erosoagoa izango omen da. Gorputza metalezkoa izango da, baina gorputz-adarrak oihalezkoak izango dira higidura errazteko.

AX-5aren diseinatzaileek zera diote; metalezkoa izanik mikrometeoritoen aurrean babes handiagoa eskainiko duela.

Urtearen bukaeran izango dugu erantzuna eta astronauten etorkizuneko moda zein izango den orduan jakingo dugu: metala soilik ala metala eta oihala.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia