}

Artritisaren inguruko aurkikuntza berria

2002/03/20 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Artritis erreumatoidearen eta GPI entzima ezagunaren arteko erlazioa aztertu dute bi ikertzaile-taldek. Ikerketek GPI entzimak artikulazioei eraso egiteko asmoa eta aukera duela erakutsi dute. Aurkikuntzak gaixotasuna hobeto ulertu eta tratatzeko aukera eskaini lezake.

Artritis erreumatoidea gorputzaren defentsek artikulazioei erasotzen dietenean sortzen da. 1996. urte arte gaixotasuna ikertzeko biderik egokiena kolagenoa aztertzea zela uste zen. Kolagenoaren aurkako antigorputzak sortzen zituzten arratoiak erabiltzen ziren, kolagenoa baita artikulazioen kartilagoen osagai nagusia.

Ondoren, ikertzaileek GPI entzimaren aurkako antigorputzak zituzten arratoiak sortu zituzten (GPI entzima azukretik energia eskuratzen laguntzen duen entzima da). Arratoi horiek ere artritisa garatzen zutela ikusi zuten; horregatik pentsatu zuten agian artritisaren gakoa ez zela kolagenoa, baizik eta askoz zabalduago dagoen GPI entzima.

Ezkerreko arratoiak GPIaren aurkako antigorputzak ditu. Eskuinekoak beste antigorputz batzuk jaso zituen.

Orain bi ikertzaile-taldeek GPI entzimaren eta artikulazioen kartilago bihurtzeko joeraren arteko lotura gehiago atzeman dituzte. Positroien igorpen-tomografia erabiliz, talde batek erradioaktiboki markatutako GPIaren antigorputzak erabili zituen. Antigorputz horiek arratoietan injektatu zituzten eta berehala atzaparretako artikulazioak hazten hasi ziren. Antigorputzen pilaketa azkar hori, artritisak gizakietan izaten duen garapenarekin bat zetorren, gugan eskuetan eta hanketan hasten baita mina normalean.

Beste taldea GPIaren antigorputzek C3 izeneko konposatua erakartzen zutela konturatu zen. Konposatu horrek artikulazioen hantura abiarazten du eta normalean ehunetan hanturaren aurkako proteina batzuk badaude ere, artikulazioek ez dituzte proteina horiek. Horrela, hantura etengabe hazten joaten da.

Aurkikuntzek erakutsi dute gorputzean zabaldua dagoen molekula baten, GPIaren, aurkako antigorputzek gaixotasun lokalizatu bat sor dezaketela, artritisa. Hala ere, ikerketa gehienekin gertatzen den lez, oraindik ez dauzkate nahiko froga kolagenoa artritisaren ikerketatik baztertzeko, ezta GPIa gaixotasunaren erantzule gisa aurkezteko ere. Seguruenik bi molekula horiek eta agian besteren bat beharko da artritisaren muinera iristeko, baina aurkikuntza berriek gaixotasunaren inguruko jakintza zabaldu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia