Artemis, telekomunikazioen iraultza
2001/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Eguraldia lagun Europako Espazio Agentziaren Artemis satelitea uztailaren 12an orbitan jarriko dute. Jaurtiketa Kouru-tik egingo da eta espero da satelite honek telekomunikazioen arloan ikerketa-aro berria irekiko duela. Artemis satelite geoegonkorra da eta telekomunikazio-teknologia berriekin azterketak egitea du helburu. Gainerako satelite geoegonkorrak bezala, ekuadore gainean kokatuko dute 36.000 kilometroko altueran.
Datuak bidaltzeko, laser-sorta erabiliko duen lehen satelitea izango da Artemis. Orbita baxuan dauden sateliteen seinaleak jasoko ditu laser bidez, eta denbora errealean, Lurreko estazio batera bidaliko ditu. Zeregin horretarako, Tenerifen Lurreko Estazio Optiko bat egin dute. Estazio hori Artemis satelitearen laser terminala abian jartzeko erabiliko da, eta baita lantzean behin satelitea kontrolatzeko ere.
Lurraren eta espazioaren artean laser bidezko komunikazioak egin ahal izateko, zeruak erabat garbi egon behar du, lainorik gabe, eta atmosferan egin behar duen ibilbideak ahalik eta laburrena izan behar du. Teideko behategiak ezaugarri horiek biak ditu, 2.400 metroko altueran egoteaz gain, ekuatoretik oso gertu dagoelako.
Artemisek orbita baxuko sateliteen arteko komunikazioa ere egingo du. Satelite horiek 1.500 kilometroko altueratik beherago egoten dira. Sateliteen arteko laser komunikazioen probak egiteko, ESAko satelite berriak hasieran Frantziaren Spot 4 satelitearekin egingo ditu komunikazioak. Spot 4 satelitea 1998. urtean bidali zuten espaziora, Lurra behatzera, eta 800 kilometroko altueran kokatua dago.
Sateliteen arteko laser-komunikazioak, eta sateliteen eta Lurraren arteko laser-komunikazioak guztiz berriak dira, orain arte horrelakoak irrati-seinaleak erabilita egin izan dira eta. Laserra erabiltzeak badu hainbat abantaila: banda zabalera handiagoa du, seguruagoa da, eta terminalak txikiagoak dira, tamaina eta kontsumo txikiagokoak. Hortaz, Artemis espazio-agentzien sateliteek erabiliko dute eta, seguruen, baita Nazioarteko Espazio Estazioak ere.
- Ariane 5 jaurtigailuak jarriko du orbitan.
- Artemis sateliteak 3.100 kiloko pisua du.
- Satelitea Noordwijk-en egin da, Herbereetan, ESAko espazio teknologia zentroan.
- Ondorengo urteetan japoniarren OICETS satelitearekin lan egingo du.
- Datuak bidaltzean, laser-terminalaren transmisio-abiada segunduko 50 Mbits-ekoa izango da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia