}

Arropagintza duela 120.000 urte hasi zela argitu dute

2021/09/16 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

arropagintza-duela-120000-eta-90000-urte-bitartean
Arg. Emily Yuko Hallett, 2009

Max Planck Institutuko arkeologoek Marokon aurkitutako hezur-erreminta batzuei esker jakin da arropagintza uste zena baino askoz ere lehenago garatu zela. Erreminta gisa erabiltzeko moldatutako 60 hezur baino gehiago aurkitu dituzte Contrebandiers izeneko kobazuloan, eta duela 120.000-90.000 urtekoak zirela frogatu dute. Erreminta horietako askok, animalien haragia erauzteko erabili beharrean, arropagintzarako erabiltzen zituztela ondorioztatu dute, hezurrek dituzten markak aztertuta.

Erregistro arkeologikoan dauden zaharrenak dira. Izan ere, zaila da larruak eta arropagintzarako erabiltzen zituzten oihalak kontserbatzea. Baina ikertzaileen ustez, argi dago, gutxienez, duela 120.000 urte bitartean hasi zela gizakia arropagintzan, eta jarduera hori funtsezkoa izan zela lehenengo gizakiak Afrikatik atera eta ingurune berrietara zabaltzen hasteko.

Espatula-itxurako hezurretan aurkitu dituzten markak, argazkietan eta mikroskopio-irudietan. Arg. iScience

Arkeologoek ikusi dute gizaki haiek hainbat erreminta-mota erabiltzen zituztela arropagintzarako: animaliak larrutzeko erremintez gain, larrua lantzeko erremintak ere aurkitu dituzte. Animalia haragijaleen barailak eta gorputzadarrak erabiltzen zituzten: animalia larrutzen zuten, larrua aprobetxatzeko, eta hezur horiek erauzten zizkieten gero beste animaliak larrutu eta larrua lantzeko. Bi erreminta espezializatu batera erabiltzeak iradokitzen du ordurako aspalditik hasitako ohitura bat zela, nahiz eta ez dagoen horren frogarik erregistro arkeologikoan.

Bale edo izurde baten hortza

Are gehiago: aztarnategian bale edo izurde baten hortza ere aurkitu dute. Hortzak dituen markak ikusita, arkeologoek ondorioztatu dute bestelako erremintak sortzeko eta haiei forma emateko erabili zela. Hala, kontuan izanik zenbat hortz erabiltzen zituzten kobazulo hartan erreminta gisa, iradoki dute duela 120.000 urte inguru hasiko zela Homo sapiens modu ohiko batean erabiltzen hezurrak lan espezifiko horietarako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia