}

Arraina jan obesitatea saihesteko

2005/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Jaten den gantz-motaren arabera, obesitatea izateko aukera izan daiteke, edo, guztiz bestela, hura saihesteko modua izan. Horixe ondorioztatu du Nafarroako Unibertsitateko Patricia Perez Matutek bere ikerketan. Lan horrek Clinical Science medikuntza-aldizkariaren nazioarteko saria jaso du.

Ikertzailearen arabera, badirudi gantz aseak janez gero obesitatea izateko aukera gehiago dagoela, eta, aldiz, gantz azido poliasegabeekin –arrainen gantzetatik eratorritakoekin– obesitatea gutxitu eta intsulinarekiko erresistentzia hobetzen dela.

Hori horrela, Patricia Perez-ek gantz azido batek (EPA) leptinan duen eragin aktibatzailea ikertu du. Horixe izan da aurkikuntza nagusia. Eragin aktibatzaile hori oso interesgarria izan daiteke ikertzailearen ustez; izan ere, leptinaren maila igoarazten duten estrategia guztiak onuragarriak izan daitezke pisua galtzeko tratamenduetan, eta, ondorioz, baita obesitatearekin erlazionatuta dauden gaixotasunetan ere (diabetea, arteriosklerosia, eta abar).

Gainera, lan horretan leptinaren genearen erregulazioan parte hartzen duten mekanismoei buruzko informazioa eskaintzen da, zehazki, glukosaren metabolismoaren ingurukoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia