Ariketa fisikoa egitera bultzatzen duten proteinak identifikatu dituzte muskuluan
2024/08/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ariketa fisikoa egiten jarraitzera bultzatzen duen bide bat aurkitu dute muskuluaren eta garunaren artean. Saguetan eta pertsonetan egin dute ikerketa, Espainiako CNIO ikerketa onkologikoaren zentroaren gidaritzapean (Espainia). Ikertzaileek azaldu dutenez, ariketa egitean, jarraitzeko gogoa pizten duten bi proteina sortzen ditu muskuluak, p38α eta p38γ.
Bi proteina horiek elkarren artean erregulatzen direla ere zehaztu dute, eta, horrez gain, p38γ proteinak beste proteina bat sorrarazten duela ere ikusi dute: interleukina 15 edo IL-15. Azken horrek garunean eragiten du zuzenean, zehazki, mugimendua kontrolatzen duen eremuan. Entrenamenduarekin, p38γ gehiago sortzen da; horrek, seguru asko, ariketa egiteko gogoa iraunarazten du.
Gantz askoko dieta zuten animalia obesoetan, ariketa fisiko jarraituak onurak eragin zituen: metabolismoa hobetu zen, eta diabetesa izateko joera txikitu zuen, baita gantza metatzeko joera ere, bereziki, gibelean. Pertsonetan, ariketa fisikoa egitean gehien aktibatzen diren muskuluetan, p38 proteinak sortzen direla frogatu dute, baita IL-15 proteina igotzen dela ere. Halaber, ikusi dute obesotzat jotzen diren pertsonek IL-15 proteinaren maila baxua dutela odolean.
Ikertzaileek iradoki dute, agian, aurkitu duten bide hori edo proteina horiek baliagarriak izan daitekeela ariketa fisikoa egiten laguntzeko arazo metabolikoak edo obesitatea duten pertsonei.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia