}

Ariane-5 jaurtigailuaren lehen hegaldi komertziala

1999/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Abenduaren 10ean Ariane-5 jaurtigailu europarrak XMM satelitea espazioratuko du. Satelitea Europako Espazio Agentziarena da (ESA) eta espazioako X izpien sorburuak antzemateko gai diren teleskopioez hornituta dago. Astronomoek izpi horien miloika sorburu aurkitzea espero dute, galaxien sorrerari buruzko informazio baliagarria lor baitaiteke espazioko X izpiak aztertuz.

Ariane-5 jaurtigailuaren lehen jaurtitzeak, 1996ko ekainaren 4an, porrot egin zuen. Arazo informatikoen kausaz jaurtigailuak eztanda egin zuen. Geroztik bi froga-hegalaldi egin dira, 1997ko urriaren 30ean eta 1998ko urriaren 21ean. Arianespace elkarteak, jaurtigailua kudeatzen duenak, Ariane-5 jaurtigailu-belaunaldi berriaren beste 6 jaurtiketa iragarri ditu 2000. urterako. Jaurtigailu berriek aldi berean bi satelite jar ditzakete orbitan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia