}

Argiaren kultura

1994/12/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Telematika, telefonia eta informatikaren arteko elkarketatik sortutako zientzia da. Denbora luzean zehar, datu informatikoak transmititzeko baino ez da erabili, izan ere zeuden bitartekoekin ezin baitzen beste gauzarik egin.

Euskal Komunitate Autonomoan gas naturala gero eta leku gehiagoetara ailegatzen ari da. Makina bat kale eta errepide zulatu da eta zulatzen ari dira tutueriak sartu ahal izateko. Baina tutueriak sartzen ari diren kanalizazioan zuntz optikozko sarea ere sartzen ari direla oso jende gutxik daki.

Zuntz optikoa komunikazioetarako erabiltzen den materiala da. Bitarteko honetaz informazioa (datu informatikoak, filmeak, telefonozko elkarrizketak, etab.) garraiatzeko, informazioa argia bihurtzen da eta helburura heltzen denean alderantzizko bihurketa egikaritzen da. Zuntz optikoak bi desberdintasun nagusi ditu ohizko kobrezko kablearekin alderatuz. Batetik, kabletik zirkulatzen duena argia da eta argiaren abiadura gaindituko duen gorputzik naturan ezagutzen ez denez, informazioaren zirkulazio-abiadura naturan lor daitekeen handiena da. Bestetik, zirkulazio-ahalmena dago, hau da, informazio butxadurak gertatzea ia ezinezkoa da, eta horregatik eta aipatutako ezaugarriagatik zuntz optikoek informazioari benetako autopista eskaintzen diotela esan daiteke.

Zuntz optikoak komunikaziorako (eta, beraz, garapenerako) eskaintzen dituen posibilitateak ikusirik, Eusko Jaurlaritzak komunikazio-azpiegituraz arduratzeko Euskalnet enpresa sortu zuen. Enpresa honen lehen eginkizunetakoa Euskal Komunitate Autonomoan zuntz optikozko sarea zabaltzea izan zen eta jada sare nagusiak euskal komunitate autonomoko hiru hiriburuak lotzen ditu.

Sareen ustiapena hasia da jada; Eusko Jaurlaritzak Bilbon, Gasteizen eta Donostian dituen zerbitzuak lotzen ari baitira. Hemendik urte-pare batera enpresak lotuko dira sarera eta azkenik, bost urtera gutxi gora-behera, etxe partikularrak. Aipatu saretik telefono- eta telebista-zerbitzuak ezezik, banketxeekiko harremanak, dendetako erosketak edo produktu elektronikoen inguruko zerbitzuak (entziklopedia elektronikoak, programa informatikoak, bideojokoak, etab.) ere eskainiko dira.

Etxeko sarreran kokatuko den bit-kontadore batek markatutakoaren arabera ordainduko dugu, ura edo gasa ordaintzen dugun gisa.

Azpiegitura horri esker Euskal Komunitate Autonomoa informazio elektronikoaren alorrean aitzindari bihur daiteke Europan eta aitzindaritza horren islada ekonomian ezezik gizarte-ohituretan ere nabari daiteke. Sarean zirkulatuko duen informazioa eskaintza eta eskaeraren araberakoa izango denez, euskaldunok ahalegin berezia egin beharko dugu zerbitzuak euskaraz ere eskaini ahal izateko. Bestela, beste kultur kolonizazio baten atarian izan gaitezke eta txanda honetakoa historioan jasan ditugunetan gogorrena izan daiteke.

Zerbitzuak euskaraz eskaintzeko ahaleginak elkarlanean jarri behar ditu administrazio publiko zein pribatuak eta, hortaz, ikerketa generikoekin batera zerbitzu erabilgarriak, nahiz eta hasieran apalak izan, martxan jarri behar dira.

Kultura berri baten aurrean gaude eta euskaldunak ez gaude gaizki kokatuta. Beraz, aprobetxa dezagun aukera.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia