}

Argaltzeko hormona

2004/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Leptina ehun adiposoan ekoizten den hormona bat da. Hormona hori ezaguna zen jateko gogoa gutxitzen zuelako garunean eraginez, eta argaltzeko tratamenduetan erabiltzen zen. Orain, beste propietate bat aurkitu dute ikertzaileek.

Leptinaren genea espresatzen duen birus bat arratoietan injektatuz, ehun adiposoan eragin handia duela ikusi dute. Izan ere, ehun horretako lipidoen errekuntza eragiten du, eta arratoiek gorputzeko pisuaren % 30 galdu zuten 14 egunean. Ikertzaileen esanean, leptinak zelulen bolumena gutxitu eta gantz-erreserbak ia erabat desagerrarazi zituen, eta, aldi berean, mitokondrio-mailak gora egin zuen. Mitokondrioak energia ekoizteaz eta lipidoak erretzeaz arduratzen dira. Gainera, ez dute albo-ondoriorik ikusi.

Baina, ehun adiposoak berak ekoizten badu leptina, zergatik ez dio sortzen duen organismoari modu horretan eragiten? Ikertzaileen ustez, ehun adiposoak leptina endogenoaren ekintza blokeatzen du, energia-erreserbak babesteko. Haien esanean, mekanismo horren inaktibazio farmakologikoa lortuz gero, obesitate-arazoen konponbidea izan daiteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia