}

Apo zikin horiek!

1988/06/01 Aihartza, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Apo arrunta Euskal Herriko anfibio anurorik ezagunena dugu, eta gehienentzat baita itsusiena ere. Apoaren aktibitatea ilunabarrean hasten da, eta bizimodu gautarra darama.
Bufo bufo -ren begia
laranja

(...) "Zer esango dizuet bada apoaren alde –izaki doilorra bera–, izendatze hutsa aski da eta nazkarik gordinena sortzeko! Madarikatuen artean madarikatuena, edonork gaitzesten du. Guretzat zatarkeria bizia da; ikaragarrikeria guztiak irudikatzen dituen piztia. Zer egin ote du bada dohakabe horrek, gaitzespen unibertsalaren zentru bilakatzeko?

Itsusia! Soin biguna, itsu-mustuan oratutako masa informea da; alde dortsala, zapaldua eta kolore zikinekoa, bikor zurbilez hornitua ageri da. Itsusia! Hankak, laburregiak, ez dira gai sabel puztua lokatzetatik altxatzeko, eta hau, baldarki, arrastaka darama. Itsusia! Buru zabalean, ahoaren ordez, arraildura nardagarria ageri du; betazal handituen azpian, zorrostasun itzel eta begirada hunkigarriko begi nabarmenak ditu. Itsusia da! Edozein arriskuren aurrean puztu egiten da, larru-azal elastiko eta kadenaren azpian, zartako guztietatik babesten duen aire-geruza prestatuz.

B. calamita -ren begia
horia

Eta pozoitsua! Zulo ilunen baten hondoan, lokatzetan kizkurtuta, lohietako humore erigarriak xurgatzen ditu, bizkar aldeko bikorretan, arrisku-unetan jariatu eta soina bustiko dion esne-itxurako edena ekoizteko. Pozoitsua! Erasotzaileen begietara likido errekaria jaurtikitzen du –gernua–, zeinak bere mintasunaz begietako argia erretzen bait du. Hatsaren lizunaz airea ere kutsatzen du. Pozoitsua da! Ezpainetatik darion lerdeak lekuko belar eta fruituak kutsatzen ditu. Itxura nazkagarria bezain kaltegarriak dira bere oin-aztarnak.

Itsusia eta pozoitsua da!

Errukirik gabeko gerra bada, lurra, airea, ura eta begirada bera ere likisten dituen piztitzarrari!

Hori diote apoaren gaitzesleek."(...)

Hitz hauekin hasten da, J.H. FABRE entomologo eta naturalista frantziarra, duela ehun urte inguru gizakiak gaizkiletzat jo arren onuragarritzat dituen animaliei eskainitako liburuan apoaz mintzatzen deneko kapitulua. Eta XX. mendea amaitzear badugu ere, testu honetan azaltzen zaizkigun ideia nagusienek bizirik diraute egun.

B. bufo , apo arrunta; emea.

Apo arrunta ( Bufo bufo ) Euskal Herriko anfibio anurorik ezagunena dugu, eta gehienentzat baita itsusiena ere. Normalean 10-12 cm-ko luzera izaten badu ere, 15 cm-ra hel daiteke, gure mendi eta landetako anurorik handiena izanik.

Apoaren aktibitatea ilunabarrean hasten da, eta bizimodu gautarra darama. Ibiltari lasaia da eta jauziak egiteko gai ere bada, baina bere hanka motzak eta gorputz sendoa direla eta, ez du inolaz ere igelen liraintasunik lortzen. Hau gainera, bere bizimodu gautar eta lehortarragoarekin lotuta legoke. Izan ere, gauez jauzi handiak egitea ez bait da hain defentsabide egokia, nora erorirko den jakin gabe. Eta honi eta kolore lurtarrari esker, ikustezina bilakatzen da, bai depredatzaileentzat eta baita bere presa izango diren ornogabeentzat ere.

Normalean animalia bakartiak badira ere, udaberrian putzu eta erreketan biltzen dira ugalketarako, gainerako anfibio gehientsuenak bezalaxe. Sasoi honetan arren arteko borrokak ugari izaten dira. Akoplamendua –edo anplexua– zenbait egunez luza daiteke, eta denbora honetan emeak milaka arrautza jartzen ditu, metro batzuetako luzera duten lokarritan. Azken obuluak ernaldu ondoren bikotea banandu egiten da, berriro ere bizimodu bakartiari ekiteko.

B. bufo -ren arrautzak.

Animalia helduekin konparatuz, apoen apaburuak txikiak izaten dira, gehienez 4-5 cm neurtzen dutelarik. Kolore ilunekoak –ia beltzak– dira eta beren garapen-denbora uraren tenperaturari lotuta ageri da. Uzki zentrala, isats-mutur biribiltsua eta espirakuluaren zabalgunea ezkerrean izatea lirateke apaburu hauen identifikazio-zeinu nabarienak. Metamorfosiaren iraupena hilabete ingurukoa izan ohi da, lehorreratzen den apotxoak 10 mm-ko luzera izaten duelarik.

Benetan ikuskizun xelebrea eskaintzen dute apotxo hauek, udaberri amaieran edo uda hasieran, ehundaka batera putzutatik irten eta zilipurdika lehorreranzko lehen jauzi baldarrak egiten hasten direnean. Nork esan orduan, zertxobait hazita gizakion artean horren harrera txarra izango dutenik?

Eta egia esan, apoenganako gorroto bizi horren arrazoia bi ideiatan soilik aurkitzen da: batetik itxura itsusia eta bestetik pozoiak sortzen duen beldurra.

B. bufo , lokatzarekiko mimetismoa.

Eta itxurari buruz zer esan? Apoari arreta apur batez begiratu dion edonork, badaki jakin gure herriko gainerako animalien artean honen su-kolorezko begiak bezain bitxirik aurkitzea zaila dela. Itxura orokorrari dagokionez ordea, apoaren edertasuna –edo edertasunik eza (?)– bere bizimoduari dagokiona da, besterik gabe. Azal bikortsu eta kolore lurtarra derrigorrezko bait ditu, bai ehizerako eta bai beste ehiztariengandik ezkutatzeko. Beraz, eta eritziak eritzi, apoaren edertasuna berari komeni zaiona baino ez da.

Pozoiari dagokionez berriz, apoak lepoaren alde dortsalean (guruin parotoideo izeneko egitura berezi batzuetan) ekoizten duen esne-itxurako pozoia, defentsabide hutsa dela esan behar da.

Guruin berezi horiek jariatutako likidoan, bufotoxina izenaz ezagutzen diren substantzia toxikoak ageri dira, baina substantzia hauek, eragingarri izateko, odolera iristea derrigorrezkoa da, eta apoak ez du horretarako mekanismorik –ez hortzik, ez arantzarik, ez beste egitura gogorrik–. Hala ere, pozoi hau apoaren defentsabiderik egokiena izatera heldu da. Izan ere, etsairen batek apoa harrapatzen badu, guruin parotoideoek esnea jariatzen dute, eta honek depredatzailearen aho eta liseri-hodia erretzen ditu, erasotzailearengan okadak sortuz. Orain diogun nazka eta beldurra ere ez ote da prehistoriatik datorkigun esperientzia txarren baten oroitzapen ezkutua?

B. calamita , apo lasterkaria. Mimetismoa.

Apoak ez du inolako arriskurik gizakiontzat eta listu pozoitsu, lerde kutsakor eta hats erigarriei buruzko guztiak mitologia hutsa dira. Asko jota, apoa eskutan hartuz gero, eta esne edota gernuz bustiko balitz, eskuak garbitzea gomendatzen da, hauek begietara edo ermanez gero sumindurarik gerta ez dadin.

Baina kaltegabekoa ezezik, onuragarria ere bada apoa.

Tripazorro izugarria izanik, makina bat bare, kakalardo eta beste ornogabe jaten du egunero, baratza eta soroetan zehar egiten dituen ibilaldietan. Lescure-ren arabera (1965), apoak jaten dituen koleopteroen hiru laurdenak kaltegarritzat jotzen dira. Animalia goseti honen laguntza aspaldi ezagutzen da Inglaterran. Joandako mendean azokan saldu eta erosten ziren eta kontu handiz etxera eramaten, lorategi eta negutegietan bizi zitezen, bertako xomorroak jan eta landareak zainduz. Eta Euskal Herrian aldiz, baratzan bat aurkituz gero, makilamutur batean sartu, eta eguzkitan uzten da dohakabea, pixkanaka-pixkanaka lehor eta zimel dadin. Sari galanta gizarajoarentzat!

Apo arrunta ( Bufo bufo ) ezezik, Euskal Herriko hego-aldean apo lasterkaria ( B. calamita ) ere bizi da. Aurrekoa baino txikiago bada ere, orokorrean esandako guztia baliagarri da apo lasterkariarentzat, bai bizimodu eta biologiari dagokionez eta baita bere inguruan sortutako mitologiari dagokionez ere.

B. calamita , apo lasterkaria.

Izena, duen ohitura ibiltaritik datorkio; etsaiengandik ihes egiteko nahiz ehizerako, nahiago izaten bait du korrika egitea, jauzirik ia inoiz ere burutu gabe. Apo lasterkaria industailea da, eta lan horretarako aurreko eta atzeko hankak erabiltzen ditu, harea edota lur harrotan nahikoa bide handiak zabaltzen dituelarik. Elikadura, lur eta harean aurki ditzakeen inurriz osatzen da bereziki.

Banaketa geografikoari begira, apo arrunta ( B. bufo ) askoz ere hedatuagoa dugu apo lasterkaria ( B. calamita ) baino, eta ia Euskal Herri osoan aurki daiteke, nahiz eta Kantauri aldean hegoaldeko eskualdetan baino ugariago izan. Apo lasterkaria ( B. calamita ) aldiz, hego-aldean bakarrik aurkitzen da, salbuespen bakarrak kostaldeko koloniatxo batzuk izanik. Eskualde mediterranioan bizi diren koloniak sendoak diren artean, kostaldeko koloniatxo hauek galtzear daude. Izan ere, ugalketarako erabiltzen dituzten putzu gehienak lehortu egin bait dituzte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia