}

Antibiotikoak eztarrirako

2001/09/19 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia


XX. mendearen erdialdean antibiotikoen erabilpena azkar zabaldu zen, baina orain gehiegizko erabileraren ondorioen arriskua jasaten ari gara.

Massachusetts General Hospital-eko ikertzaile batzuek egindako ikerketa baten arabera, eztarriko mina sendatzeko gehienetan antibiotikoak agintzen dituzte medikuek, horretarako balio ez duten arren. Adituek diote eztarriko infekzioak birusek sortzen dituztela eta ez bakterioek. Antibiotikoak bakterioen aurkako botikak dira eta ez diete birusei eragiten. Dena dela, medikuek tratamendu errazena aukeratzen dute, antibiotikoen bidezkoa. Bestalde, medikuek agintzen dituzten antibiotikoak ez dira penizilina edo eritromizina bezalako produktu merkeak izaten, 'espektro zabaleko' azken belaunaldiko botikak baizik.

Jokabide horren ondorioz, antibiotikoen gehiegizko erabilerak eragindako arazoak ugaritzen ari dira. Batetik, antibiotikoekiko bakterioen erresistentzia handitzen ari da. Ondorioz, garatutako herrialdeetan aspaldian kontrolatutzat hartu ziren gaixotasun batzuen fokuak berpizten ari dira. Bestetik, gaixoen erantzun alergikoa ere ugaritzen ari da.

Ikerketa 1998 eta 1999 bitartean egin zen eta esan behar da, orduan hasitako kanpainei esker, gero eta antibiotiko gutxiago agintzen dituztela medikuek eztarriko infekzioak tratatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia