}

Antartikako lakua

1996/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Antartikako izotzaren azpian laku ikaragarria dago. Orain dela milioi bat urtez gero isolatuta egon diren mikroorganismoak bizirik aurkituko dituztela uste dute biologoek.

Antartikako izotzaren azpian, sakonera handian, laku ikaragarria dago. Oso laku erakargarria da zientzilarientzat, orain dela milioi bat urteko bizidunen formak egon daitezkeelako. Orain dela hogei urte ohartu ziren han lakua egon zitekeela, gainetik igaro zen hegazkin batek radarreko oihartzun berezia jaso zuelako.

ERS1 satelite europarrak bidalitako irudiei esker, Cambridgeko unibertsitateko Gordon Robin eta bere taldeak zehatz-mehatz jakin ahal izan dute lakua non dagoen. 14.000 mila kilometro karratu ditu eta 4.000 metroko sakoneran dago; Vostok izeneko zulaketa estazio zientifikoaren azpian, hain zuzen. Ondorioz, zientzilariek zulaketak bertan behera utzi dituzte, bestela lakua poluitu egingo dutelako. Zulaketa-teknika “estankoak” prestatu arte utzi dituzte lanak.

Biologoek sedimentuetan orain dela milioi bat urtez gero isolatuta egon diren mikroorganismoak bizirik aurkitzea espero dute. Hipotesi hori betetzea oso litekeena da, zeren eta bakterio batzuk oso egoera latzetan milaka urtetan irauteko gai baitira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia