Elhuyar zientziaren komunikazioa

Antartida, hotzaren bazterra

1986/02/01 Barandiaran, Mariaje | Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hegoa, beroaren sinonimo da guretzat. Bero bila gabiltzanean hegoaldera jo ohi dugu. Ipar Hemisferioan bizi bait gara gu. Hego hemisferiokoentzat ordea, hegoa hotzaren irudi da. Guk, artikulu honen bidez, hegalde hotzera egingo dugu bidaia, Antartidara alegia.
Betiko izotzez estalitako kontinente ia ezezagun horri buruz arituko gara ondorengo lerroetan. Orain arte, zientzilari eta abenturazaleen begiradak soilik erakarri ditu eremu latz eta gogor honek. Etorkizunean, negozio-gizonen asmoek ere tokia izan omen dezakete paraje zakar honetan.

Hego poloaren inguruan zabalduta, ia zirkulu bat osaturik hedatzen da Antartida. Lurrean dauden zazpi kontinenteetatik hotzena, altuena, lehorrena, haizetsuena eta eskuragaitzena da Antartida. Bere 14 milioi km2-etatik, lur kontinentalen %10, ia %99 betiko izotzez estalita dago. Izotz hau Lurraren izotzaren %90-a da. Izotz-maindirearen lodiera aldakorra da, Otik 4800 m-ra, halere batezbesteko lodiera ez da txantxetakoa, 2450 m. Ur solidoa da kontinentearen errekurtso natural ugariena!.

Kontinente menditsua

Bi parte nagusitan berezi liteke Antartida ikuspuntu geologikotik: Mendebaldeko Antartida eta Ekialdeko Antartida. Biak ezaugarri oso desberdinak dituztenez, batzuren ustetan itsas beso batez banandutako bi kontinente izan daitezke.

Mendebaldeko Antartida zabaltasun txikienekoa da eta oso menditsua da, 6000 m-ko mendiak dituzteneko zenbait mendikatea badago.

Ekialdeko Antartida zabalagoa da eta altuera handiko lautadaz estalita dago. Lautada hauen batezbesteko altuera 2000 m-koa da eta Hego polorantz hurbilten diren heinean altuera 3000 m-koa egiten da. Halere, Ross-en itsasoaren inguruan, Almirantazgoaren mendikatea nagusia dago.

Hotza eta lehorra

Ross foka.

Pentsa daitekeenez Antartidako klima guztiz berezia da. Oso hotza izatetik aparte oso lehorra da. Gezurra badirudi ere, lurraren ur edangarriaren %90a duen kontinente honetan ez du ia euririk egiten, munduko basamortu gehienetan baino gutxiago egiten du. Gainera fenomeno hau barnealdean areagotu egiten da. Basamortu latza da Antartida.

Kostaldean urte osoan zehar erortzen den elurrak 30-60 cm-ko altuera hartzen du. Barnealdean, zenbaki hauek are txikiagoak dira; 15 cm elur. Hau modu adierazgarriagoan esanda, 15 cm elur horiek 1, 27 cm ur dira; hots, 12, 7 litro metro karratuko urtero!!

Euri-eskasiaren fenomeno hau erraz esplikatzen da zein inguru hotzetan gabiltzan kontutan hartzen badugu. Neguko tenperaturak -88 °C (barnealdean) -60 °C (kostaldean)tartekoak dira. Udako tenperaturak zertxobait epelagoak badira ere nekez igarotzen dituzte 0 °C-en langa. Kostaldean batezbesteko udako tenperatura 0 ° C inguruan mantentzen den bitartean, barnealdean -25 °C ingurukoak dira. Halere, zenbait tokitan, iparraldeko toki epeletan hain zuzen, tenperatura 15 °C-koa izan daiteke udan.

Tenperatura oso baxu hauek direla eta, Antartida gaineko atmosferak oso hezetasun txikia du: inguruko latitudetan dagoen hezetasunaren %10a. Gainera, hezetasun hau ez da lurrinketa eta abarrez, bertan sortua, baizik haizeak hego aldeko ozeanoetatik ekarritakoa. Hortaz, erraz ulertzen da zergatik horren hezetasun txikiarekin euririk ez egitea.

Artikulu honen hasiera aldean Antartidaren ezaugarriak ematean haizetsua dela esan dugu. Horrela da, haizea bazterezinezko faktorea da Antartidako giroan. Haize gogorrek erasotzen dituzte Antartidako Kostaldeak, Kontinentean barneratu ahala leuntzen joaten direnak. Mirny izeneko estazioan negu batean zehar zazpi aldiz neurtu zituzten 185 km/h haizeak, gainera deriboraren %60an haizeen abiadura . 60 km/h-koa izan zen. Dudarik gabe haize gogorrak dira. Antartidan ibili diren, eta dabiltzan, espedizioek jasan behar duten faktore klimatiko latzena.

Halere bizia bada

Arestian aipatu ditugun egoera klimatiko guztiz latz eta gogor horiek, Antartidan bizia guztiz ezinezkoa izan behar duela pentsatzera eraman gaitzakete. Aitzitik ez da horrela, eta kontinente bertan. bizia oso ugaria ez bada ere inguruko itsasoan ugaria da.

Bizia zoragarria eta sorpresa-iturri dela esatean lelokeria handia esango dugu akaso, izan ere, Antartidako adibideak hori esatera garamatza. [non Lurrean biziarentzako baldintzak guztiz desegokiak badira, Antartida da toki hori. Gutxi izanik ere animalia eta landare batzuk Hego Polo bera era kolonizatzera iritsi dira. Landare eta animalia horiek neguko iluntasun eta hotzean zain egoten dira uda noiz iritsiko, orduan eztanda batean, eta denbora laburrez, biziaren misterioa ibiltzeko.

Adelia pinguinoa.

Antartidako landareak 800 bat espezietan biltzen dira; gehienak likeziak (350), besteak onddoak, algak eta bakterioak dira. Azkenaldian, estazio esperimentalen inguruan gisazemeak sartutako landare batzuk ere hazten hasiak dira.

Lehorreko animaliak landareak baino eskasagoak dira, guztiak ornogabeak. Ornogabeen artean gainera mikrofauna da nagusi, nematodoak eta rotiferoak adibidez. Makrofauna, artropodoz osatuta dago, akaroak gehienak, itsas ugaztun eta hegaztien bizkarroi direnak gainera.

Gaur, izotz maindirearen ondorioz Antartidan bizia urria bada ere garai batean joria izan zen, ikatz-hobi ugariek aditzera ematen dutenez. Hauetan, izotz-enbor fosilduak aurkitu izan dira. Dirudienez, izotzaren egoera hau duela 50 milioi urte has ¡zen.

Ozenoa bizi-iturri

Gentto pinguinoa.

Aipatu dugun legez lehorreko Antartidan biziaren arrastoak txiroak dira, inguratzen duten itsasoetan ordea oparoak dira.

Antartidako urak fitoplanktonez gainezka egoten dira, zeina zoonplaktonaren elikagai bait da. Zooplanktona era berean eskualde horretan bizi diren balea, arrain, itsas hegazti, foka eta abarren elikagai da.

Antartidan itsas korronteek, nutrientetan aberatsak diren sakoneko urak azaleratzen dituzte. Nutriente hauetaz elikatzen da fitoplanktona, katea trofikoaren lehenengo urratsa dena. Halere, katea trofikoan garrantzi handien duen animalia ixkira moduko krill izenekoa da.

Krilla oso saldo dentsutan biltzen da, bakoitzean mila milioika ale daudela. Krilla da baleen eta beste animalia batzuren oinarrizko elikagaia. Baleek urtero 150. 000. 000 tona krill iragazten dituzte beren bizarretan zehar.

Fokak edo itsas txakurrak oso ugariak dira Antartidan eta hauen ehiza izan zen paraje latz eta bakarti hauetara gizasemea erakarri zuten faktoreetako bat. Gehiegizko ehizaz foka-mota batzuk mende honen hasiera aldean desagertze zorian egon ziren, Antartidako foka eta itsas elefantea esaterako. Egun, hartu ziren kontserbazio neurri gogor eta zehatzei esker urruti dago egoera tamalgarri hura. Bertan aurki daitezkeen beste foka batzuk Ross foka eta Weddel foka dira.

Makarroi pinguinoa.

Weddel foka animalia miresgarria da. Bera da gizasemearekin batera hegoaldeen bizi den ugaztuna. Gai dira negu gorrienean ere Antartidan bizitzeko. Izotzek urak estaltzen dituztean, zuloak ireki egiten dituzte izotzean arnastu ahal izateko.

Baleak dira ur hotz hauetako beste bisitari batzuk. Garai batean oso-oso ugariak ziren, baina gehiegizko ehizak, tamalez, hauetako batzuk desagertze zorian ipini ditu

ikus taula

Hegaztien artean, Antartidako ikur den pinguinoak biomasaren %90-a egiten den espezie askotan banatuta dago. Beste hegaztiak albatrosak eta ekaitz-txoriak dira nagusiki. Aipagarria da ekaitz-txoriak batzutan Antartidaren oso barnealdean topatuak izatea, nahiz eta normalean kostaldean bizi izan. Hegazti guzti hauek, kostaldean oso ugari diren arrain eta txipiroiez elikatzen dira nagusiki.

Lur azpiko aberastasunak

Erret pinguinoa

Lur eskuragarrien baliabide naturalak urritzen joan diren heinean, Antartidak erakarri egin du negozio-gizonen atentzioa lehengai-iturri berri moduan. Herri askotako teknikariek ikertu dituzte Antartidako eremuak mineral-hobi eta erregai-iturrien bila. Emaitzak dirudienez, nahiko oparoak izan dira (ikus mapa) eta askoren ustetan ez da denbora luzeko arazoa izango Antartidaren ustiapen komertziala.

Ikatza oso kalitate onekoa omen dago; ugari gainera. Bestalde, ikatzaren %20a gutxi gorabehera gainazalean dagoela uste da eta horrek bere ustiapen profitagarria erraztuko luke. Metalen artean, burdinak ditu aurreikuspen oparoenak, zinka, beruna eta zilarra ahaztu gabe.

Hala eta guztiz ere, teknikaren ustetan, inoiz Antartidaren ustiakuntza hasten bada, erregai fosiletatik hasiko da. Zenbait iragarpenen arabera, Antartidako plataforma kontinentalaren azpian 45 bilioi petrolio-barril daudeke.

Momentuz moratoria boluntario moduko bat dago guztien artean Antartidako baliabide naturalen ustiakuntzari buruz. Ustiakuntz teknika egokiak guztiz prest ez egoteak zer esanik izango du agian ustiakuntzarik ez honetan. Alaska eta Groenlandian erabilitako teknikek, halere, erabilpena izango lukete Antartidako baldintzetan.

Askoren ustetan, Antartidako baliabide naturalen ustiakuntzarekin has baino lehenago, nazioarteko hitzarmen bat beharrezkoa izango da. Hitzarmena ez dirudi zaila izango denik; zaila izango bait da El Dorado berri bilakatzea.

ANTARTIDAREN ESPLORAZIOA

XVIII. mendearen bukaera aldean izan zuen gizaseme zibilizatuak Antartidarekln lehenengo harremana. James Cook esploratzaile eta marinel ospetsuak 1773. ean zirkulu polar Antartikoa lehenengo aldiz gurutzatu zuen eta aldi berean Antartida zirkunbalatu zuen. Halere, eta Zeelanda Berriko maoriei kasu egin behar badiogu, ez zen hau gizasemea Antartikoa ukitu zueneko lehenengo aldia. 1100. urtearen inguruan Ni-te-Rangiera gerlariaren agindupean gerrakanoa batek hegoalderantz egin zuen izotza topatu arte.

Ondorengo esploratzailea, Fabian von Bellinshausen errusiarra izan zen. 1819-1821. urteetan, Cook baino hegoalderago joanda Antartida bigarren aldiz zirkunbalatu zuen.

Hemendik aurrerako aurkikuntzak bale ehiztariei zor zaizkie gehienbat. Hauen artean aipagarri batzuk Weddel, Biscoe, Kemp eta Balleny ditugu.

XIX. mendearen bukaeran Antartidarekiko interesa berpiztu egin zen. Espedizio asko egon ziren garai horretan, merkatal interesetik aparte interes zientifikoak zituztenak. Gainera Hego Polora zein lehenago iristeko lasterketa has zen. Poloetara iristearen ospe nazional eta pertsonala oso preziatua zen garai hartan.

Biziki polita izan zen Roald Amundsen, norbegiarrak, eta Scott, britainiarrak, izan zuten borroka. 1911. eko Abenduaren 14ean Amundsen-en espedizioa Hego Polora iritsi zen, eta beste berririk gabe baita bere basera itzuli ere. Scott hilabete beranduago iritsi zen polora eta polora lehendabizi iristean zorterik izan ez bazuen ere, itzultzerakoan ez zuen handiagorik izan eta bere espedizioa ekaitz batek harrapatuta denak hil ziren.

Poloa konkistatua, abenturazaleen hurrengo mugarria kontinentea zeharkatzea izan zen. Hau ez zen lortu 1957. erarte, Nazioarteko Geografi Urtearen barnean traktorez baliatutako espedizio batek Antartida zeharkatu zuen arte.


ANTARTIDAKO TRATATUA

1959. eko Abenduaren lean Antartidako Tratatua sinatu zuten 12 herrietako Gobernuek. Tratatu hau da hain zuzen, Antartidako gaur eguneko egoera politiko-juridikoa definitzen duena. Hogeitamar urteko iraupena du eta berez porrogatuko da sinatzaileetako batek errebisiorik eskatzen ez duen bitartean. Hamabi izan ziren sinatzaileak: Argentina, Australia, Belgika, Frantzia, Txile, Japonia, Zeelanda Berria, Norvegia, Hego Afrika, Britainia Handia, Estatu Batuak, eta SESB. Ondoren beste zenbait herri lotu zaizkio tratatuari: Txekoslovakia, Polonia, Danimarka, Errumania eta Herbehereak.

Tratatuaren lorpena, ezparirik gabe, prezedenterik izan ez duen diplomaziaren fruitu izan zen. Horren bidez Kontinente oso bat libre uzten zer ikerketa zientifiko ez-politikorako:

Gizateria osoaren interesa da betirako ekintza baketsuen jorraleku Antartidak jarrait ea eta e dadila bihur na ioarteko gatazka-leku... Nazio Batuen Kartan oinarritutako Tratatuak Antartidaren erabilpen baketsua ziurtatu behar du...

Tratatuaren 1. artikuluak, Antartidaren erabilpen baketsua ezartzen du; 2. artikuluak, nazioarteko lankidetza eta ikerketa zientifikoaren askatasuna; 3. artikuluak, pertsonak, plan eta ikerketa-emaitzen elkartrukerako askatasuna; 4. artikuluan, aurretik egindako lurralde eskakizunak onartzen ditu eta ondotik egindakoak gaitzetsi; 5. artikuluan leherketa nuklearren zertzea eta hondakinen uztea debekatzen da; 6. artikuluan, tratatuaren ezarpen eremua 60°H baino hegoaldekoagoko zonei mugatzen zaie; 7. artikuluan, libre uzten zaie herriei beste herriek egiten dutenaren inspekzioa; XII. artikuluan 30. urteko iraupena ezartzen zaio.


PINGUINOAK

Mozorratutako pinguinoa.

Hegazti hauek eta Antartida bat dira. Hego aldeko basamortu izoztu eta zuri horretaz ez dago pentsatzerik hauek burura ekarri gabe. Pinguinoak beren artean antzekoak izanik ere ez dira denak berdinak ; klaseak ora indik badaude eta erregeak tartean ditugu.

Enperadore pinguinoa: izenak adierazten duen bezala, guztien arteko handiena da. Negu gorr aren erdian erruten du eta arraultzeari beroa emateko hankatartean eramaten du toki guztietara. Pinguino jaioberria, udaberriko zooplankton-eztandarekin batera dator mundura.

Enperadorearen ahaide gertuena erregea izan ohi da; kasu honetan Erret pinguinoa. Ugartetan laket du bizitzea eta arrain eta txipiroiz elikatzen da. Ez da oso prolifikoa, umeak ez ditu itxuraz asko maite, eta hiru urtetik behin bi seme izaten ditu.

Enperadore pinguinoa.

Pinguino ugariena Adelia Pinguinoa da. Hau saldo handitan bizi da eta Krillez elikatzen da.

Mozorrotutako pinguinoa Antartida inguruko ugarteetan biltzen da batez ere, Hego Atlantikoko ugartetan alegia.

Makarroi pinguinoa, izena parregarria izanik ere, oso ugaria da eta kostaldean bizi da.

Gentoo pinguinoa, Krill eta arrainaz elikatzen dena, ez da oso ugaria.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia