}

Antarktidako betoa

1989/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Australiako gobernuak Antarktidako Meatzaritza Arautzeko Hitzarmena onartzeari uko egin dio. Hitzarmen honek orain debekatua dagoen meatzaritza baimenduko luke eta era berean kontrolatu ere bai.

Australia Antarktidaz erreklamazioa duten zazpi estatuetako bat denez, betoa jartzeko eskubidea du. Besteak Frantzia, Argentina, Txile, Norvegia, Britainia Haundia eta Zeelanda Berria dira. Antza denez Frantziak ere betoa jarriko dio.

Hitzarmena lortzea ez da gauza erraza izan eta sei urtean zehar negoziazio gogorrak egon dira Antarktidako Tratatua sinatu duten 30 estatuen artean. Australiarrek, erabaki horren bidez Antarktidan meatzaritzarik ez egotea nahi dute. Australiarren asmoa Antarktida kontserbatzeko nazioarteko akordio zabala lortzea da. Antarktida munduko parke natural izendatzeko proposamena egingo dute australiarrek.

Dena den, ekologista askoren artean australiarrek hartutako erabakiaz kezkaturik daude. Izan ere, Hitzarmenak meatzaritza baimentzen badu, neurri batean kontrolatu egiten du (horretarako mekanismoak jartzen dituelarik) eta Hitzarmen ezak kontrolik gabeko meatzaritza ekarriko ote duen beldur dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia