}

Anopheles eltxo hilgarria

2001/01/30 Elhuyar Zientzia

Argazkiko Anopheles eltxoak malaria transmititzen du, gaitz beldurgarri eta hilgarria. Osasunerako Mundu Erakundearen arabera 400 milioi pertsonak harrapatzen du malaria urtero, eta nahiz eta gaixotasunak sendabidea izan, bi milioi pertsona inguru hiltzen ditu urtean. Munduaren % 40 kutsatzeko arriskuan dago, baina gaixotzen diren 10 pertsonatik 9 Sahara azpiko Afrikan bizi dira. Malariak haurrei erasotzen die batik bat eta 5 urtetik beherakoak dira biktima ohikoenak: gordintasunez esanda, 3.000 bat haur hiltzen da egunero malariaz.

Duela 40 urte zientzialariek malaria desagertarazteko bidean zeudela uste zuten: droga-koktelen bidez, gaitza sortzen duen organismo bizkarroia hiltzea lortzen zuten, eta DDT intsektizidaz baliatuz, berriz, bizkarroiaren eltxo ostalaria akabatzen zuten. Baina usteak erdia ustel suertatu zen. Eltxoak intsektizida jasateko mekanismoak garatzen hasi ziren eta malariaren eragilea –Plasmodium falciparum organismo bizkarroia– droga gehienekiko erresistente bihurtu zen. Gaur egun malaria kutsatzen duten eltxoen erreinua ikaragarri handia da berriz ere.

Malariaren kontrako txertoa ezinbestekoa dute herrialde azpigaratuetan. Laster iritsiko ahal da!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia