Anhitz, euskarazko hizkuntza-teknologietan ikertzeko
2007/04/01 Aztiria Urtaran, Josu - Adimen Artifiziala Hizkuntzan Unitateko koordinatzailea Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Jakintza eta Informazioaren Gizartean, gero eta garrantzi handiagoa du eleaniztasunak. Eta hizkuntza-teknologiek zeresan handia dute horretarako erabili behar diren tresnen garapenean.
Horrelako tresnak, dena den, ingelesez funtzionatzeko daude eginak batez ere; gainerako hizkuntza-komunitateek --txikiek, batez ere-- ahalegin berezia egin behar dute horretara iristeko. Euskarak, kasu.
Bestalde, pertsonen eta makinen arteko komunikazioa hizkuntza naturalean izateaz gain, modu intuitibo eta atseginean egitea da xedea. Desafio zientifiko-teknologiko handia da hori lortzea, lengoaiaren alderdi guztiak integratzea eskatzen baitu horrek: ahotsa, testua eta irudia.
Desafio horri ekiteko sortua da AnHitz proiektua, helburu honekin: euskarazko hizkuntza-teknologietan ikerketa eta garapena sustatzea, pertsonen eta gailuen arteko interakzioa eta jakintzaren kudeaketa naturala, intuitiboa eta atsegina izan dadin. Hona hemen proiektuan zehaztutako ikerketa-ildoak:
· Testu bidezko komunikazioa: lengoaia naturalaren ulermena, hizkuntzaren sorkuntza eta informazioaren erauzketa aurreratua.
· Jakintza kudeatzeko sistemen garapena: galdera-erantzuneko sistemak, informazio-bilaketa eta informazioaren erauzketa aurreratua.
· Elkarrizketa-sistemak: emozioen ezagutza eta sorkuntza, elkarrizketa-erregelak eta ahotsaren integrazioa gailu aurreratuetan.
· Irudi bidezko komunikazioa erabiltzailearekin: ezpainen mugimendua, minusbaliatuentzako hizkuntza.
· Itzulpen automatikoa: erabiltzailearekin eta jakintzaren kudeaketarekin lotutako interakzio-moduluetan aplikagarria.
Ikerketa-ildoez gain, bestelako helburu orokorrak ere baditu AnHitz proiektuak.
Batetik, hizkuntzaren industria garatu eta egonkortzeko urrats erabakigarriak ematea, eta, hala, ikerketen emaitza eta gailuak merkatuaren beharretara egokitu eta produktuen komertzializazioa bideragarri bihurtzea. Bestetik, oinarri teknologikoko enpresa berriak sortzea eta dagoeneko sortuta daudenen egonkortasuna lortzea. Azkenik, jakintza sortzea, ildo estrategiko horretan I+G+Bko erronka eta helburuei autonomiaz erantzuteko ikertzaile-talde sendoa prestatuz.
Hogeita hamar hilabeteko iraupena du proiektuak, eta hauek dira partaideak: VICOMTech eta Robotiker ikerketa-zentroak, EHUko IXA eta Aholab taldeak, eta Elhuyar Fundazioa. Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak interes estrategikoko ikerketa-lerro izendatu du proiektua, eta Etortek programaren bidez lagunduko du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia