Anfibioen gaixotasun berriak
2008/04/01 Paz Leiza, Leire - BiologoaBOLUE Ingurumen Ikerketak Iturria: Elhuyar aldizkaria
Berriki sortu diren edo azken urteotan beren eragin-eremua nabarmen emendatu duten gaixotasunak dira gaixotasun berriak. Anfibioen kasuan, gaixotasun horiek jatorri birikoa edo fungikoa dute, eta, oraingoz haiei buruz ezer gutxi dakigun arren, badirudi mundu osoan zehar eta abiadura handiz zabaltzen ari den bektorea gizakia dela.
Anfibioei eragiten dieten birusak oso iraunkorrak dira, eta erraztasun handiz kutsatzen dira. Inguru degradatuetan agertzen dira batik bat, ugaltzeko anfibioak pilatzen diren tokietan. Gaixotasunaren sintomatologia konplikatua da, eta, indibiduo asko kanpoko aztarna nabarmenik gabe hiltzen diren arren, beste batzuek odol-jario lokalak, azal-ultzerak eta barne-organoetan nekrosi akutuak izaten dituzte. Horrez gain, zenbait kasutan, bakterioek eragindako bigarren mailako infekzioek hanka gorriaren sindromea sortzen dute, odol-jario eta gorridura deigarriekin. Birus horietako batzuek arrainei ere eragiten diete; beraz, askotan arrainen birpopulatzeekin batera iristen dira birusak ingurune naturalera.
Onddo hiltzailea
Birusak ez dira, ordea, anfibio-iraungipen masiboen arduradun bakarra; egungo datuek diotenez, berriki topatutako onddo batzuk mehatxu larriagoa dira. Batrachochytrium dendrobatidis da anfibioei eragiten dien onddoa, kitridio-espezie bat. Kitridioen taldea aspalditik ezagutzen da mundu osoan, eta edozein ingurutan aurki daitezke. Kutsadurarekiko oso sentikorrak direnez, ondo kontserbatutako eremuetan topatzen dira batez ere. Duela denbora gutxira arte, landare, alga, protista eta ornogabeen bizkarroi modura baino ez ziren ezagutzen, baina espezie berri hori hilgarria gertatzen da anfibioentzat.
Onddo horrek jotako anfibio-populazioak hilabete gutxiko epean desagertu ohi dira, gaixotasun infekziosoen hedapen-patroiari jarraituz. Kutsatutako animalien heriotzaren zergatia ez da oraindik ezagutzen, baina bai gaixotasunaren garapena, kitridiomikosia. Zoosporak (flagelodun espora mugikorrak) anfibioekin kontaktuan jartzean, horien azalaren keratinan finkatzen dira, eta, egun gutxi batzuen buruan, zoospora berriak sortzen dituzten esporangio helduak garatzen dituzte. Animalia kutsatuaren azala zulatzen duen deskarga-tutu baten bitartez askatzen dira zoosperak. Horrela, gaixotasuna azalean bakarrik garatzen da, eta ez die eragiten barne-organoei, nahiz eta kanpoko sintoma nabaririk ez agertu. Helduak, keratina azal osoan dutenez, onddoarekin kontaktuan sartu eta berehala hiltzen dira. Bestalde, larbek keratina aho inguruan baino ez dute; beraz, metamorfosia egiten dutenean hiltzen dira, keratina azal osoan hedatzen zaienean, hain zuzen.
Hildako helduak ez dira aurkitzeko oso errazak; metamorfosia egin berriak, ordea, putzuen inguruan hilda aurkitu ohi dira. Anfibioek putzuetatik alde egin eta gero, ingurua osorik agertzen da, inolako aldaketarik nabarmentzen ez dela. Baina onddoa inguruan geratzen da saprofito modura, eta tokia birkolonizatu nahi duten indibiduo berriak kutsatzen ditu.
Kitridiomikosia 1980ko hamarkadan atzeman zuten Australian eta Erdialdeko Amerikan, eta mundu osoan hedatuta dago jada. 1997an, Madrilgo Peñalara parke naturalean agertu zen Europako lehenengo kasua; orduko hartan, txantxiku arruntak ( Alytes obstetricans ) ia iraungi egin ziren. Harrezkero, beste hainbat heriotza masiboren berri izan dugu, denak goi-mendietan, tenperatura freskoek onddoa garatzea posible egiten duten lekuetan. Aranzadi Zientzi Elkarteko Herpetologia Behatokiaren barnean, horren inguruko ikerketa bat egin genuen iaz Euskadiko zenbait parke naturaletan eta anfibioentzako garrantzi handiko eremuetan, eta kitridiomikosia eragiten duen onddoa egon badagoela ondorioztatu dugu.
Oraindik ez dakigu noiz eragiten duen onddoak gaixotasuna eta zergatik den hain hilgarria. Litekeena da onddoa beti egon izana anfibioekin kontaktuan, eta orain anfibioek immunitate-sistema ahulduta izatea. Edo litekeena da onddoaren birulentzia areagotu izana ingurumena aldatzearen ondorioz, eta orain hilgarria izatea anfibioentzat. Azken datuek aditzera ematen dutenez, ordea, badirudi onddoa berriki sartu dela inguru kutsatuetan. Eta gaixotasuna munduko leku askotan oso azkar agertzen ari denez, argi geratzen da gizakia dela dispertsio horren errudun. Izan ere, leku askotan topatu dira kutsatutako animaliak: etxeko animalien dendetan, laborategietan eta baita giza kontsumora bideratutako igeletan ere.
Zer egin dezakegu?
Beste edozein gaixotasun kutsakorrekin bezala, anfibioei eragiten dieten gaixotasun berrien aurka jotzeko modurik garrantzitsuena, eta ziur aski eraginkorrena, hedapena saihestea da. Horretarako, anfibioak ahalik eta gutxien ukitzen, toki urrunduen arteko mugimendu ez-naturalak eragozten eta, batez ere, inguru naturaletan landare edo animaliarik ez sartzen saiatu behar da. Era berean, oso lagungarri gerta daiteke topatutako animalia hilen berri ematea. Eta, anfibioekin lan egiten duten profesionalei dagokienez, gaixotasunaren nahi gabeko bektore bilaka ez daitezen, leku batetik bestera joaten diren bakoitzean material guztia desinfektatu beharko lukete.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia