}

Anfibioak larri nonahi

1998/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Urteak joan urteak etorri, anfibioen gainbeherak ahozabalik dauzka mundu osoko zientzialariak. Badira urte batzuk gainbehera orokor hau somatu zela, baina oraindik ez dago azalpen argi eta zehatzik. Ozono-geruzaren ahultzeari, birusei eta produktu kimikoei egotzi izan zaie gainbehera hau.

J. R. Aihartza.

Berriki, ikerketa suitzar batek, datu berriak eskaini dizkio arazoari. Nekazaritzan erabiltzen diren fungizidek, apaburuei eragiten dizkieten kalteak aztertzen aritu dira eta emaitzak ez dira izan nolanahikoak. Esate baterako, fungizida askotan erabili ohi den trifeniltinak, hainbat igel-espezietan, deformazioak eta heriotza eragiten dituela frogatu izan da. Kasu askotan gainera, nekazaritza-lurretan aurkitzen diren ohizko kontzentrazioak baino txikiagoak ere kaltegarriak suertatzen dira.

Trifeniltina, edozein eratako laboreetan izaten diren izurriteak kontrolatzeko erabiltzen da. Ondorioz, inguruko urak ere poluitu egiten dira, kasu batzuetan zuzenean, arroz-soroetan esate baterako, edo zeharka, ureztatze-sistemetara konposatu kimiko honen hondakinak iristen baitira. Uretan astiro-astiro deskonposatzen da, eta bertako bizidunentzat oso toxikoa dela ere frogatu izan da.

Edonola ere, ikerketa honek anfibioen gainbehera lokalak azalduko lituzke, baina ez maila globalean gertatzen ari den hondamendia.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia