}

Andeetako koka: kaltegarria ala onuragarria?

1997/09/01 Laguéns Capablo, María Elena | Rubayo Dominguez, Javier Iturria: Elhuyar aldizkaria

“Koka” hitza “hauts zuri” kontzeptuarekin dago loturik. Nerbio-sistemaren kitzikagarri da. Koka-kontsumoa galarazita dago hainbat estatutan; salmenta eta trafikoa, berriz, are gehiagotan. Hala ere, Andeen mendikateako biztanleek mendeak daramatzate landare hau erabiltzen, osasun-xedeekin batez ere.

Europako eta Ipar Ameriketako gazteek, gaur egun, kokatik erauzitako kokaina izeneko droga neurrigabe kontsumitzeak Hego Ameriketako laboreak desagertarazteko proposamenak ekarri ditu. Baina neurriokin mundu andetarreko kultur ezaugarrietako bat desagertarazten ari garela jakin beharko genuke. Kokak esanahi sakona dauka nekazarien eguneroko bizitzan, baita maila magiko-erlijiosoan ere.

Nekazariek nekea edota egarria eta gosea arintzeko koka-hostoak mastekatzen dituzte. Munduko Osasun Erakundeak, O.M.E.k berak onartu zuenez, ez dago kokainomanotzat hartzerik edozein kokaina-kantitate hartzen duena.

Kokainaren legez kontrako merkatuak eta Latinoamerikako aliantza politiko-militarrek ilundu dute “ohitura lotsagarri” horren eragin endekatzailea eta “ohitura” hori, Perun soilik, hiru milioi biztanlek baino gehiagok dute.

Zeintzuk dira, ordea, aspalditik jainkotiartzat hartu izan den landare horren eraginak? Kaltegarria ala onuragarria da organismoarentzat? Bertako biztanleek metodoren bat erabiltzen ote dute kokaina lortzeko?

Kokaren jatorria eta historia

“Koka” berba aimara eta ketxua1 da: “ibiltari eta langileentzako janari” esan nahi du. Kokaren jatorri zehatza arkeologo, botanikari, antropologo eta hizkuntzalarien artean eztabaidagai da. Erabilerari buruzko testigantzarik zaharrenak Ekuadorren aurkitu dituzte: K.a. 3500. urte inguruko “mastekatzaile” konkordunaren estatuatxo ezaguna, alegia. K.a. 2500-1800 urteen artean dataturiko koka-hostoz beteriko ontziak ere aurkitu dituzte.

Egia esan, datu arkeologikoek ez dute argitzen ez kokaren jatorria, ezta kokaren antzinatasuna ere. Zientzia botanikoaren azalpenek bi mila metrotik behera, oihan andetarreko “ceja” ekosisteman kokatzen dute. Koka ekialdeko Andeetako haran epeletako zuhaiska berde iraunkorra da. Sri Lanka, Zantzibar eta Australian ere landatzen da. Landarearen kokagune ekologikoa ingurune heze eta epela da.

Erytrhoxylum coca Eritroxilazeoen familiakoa da eta 1-3 metro arteko altuera duen zuhaiska da. Adarrak urriak dira; hostoek 3-5 cm-ko luzera eta 1-2 cm-ko zabalera dute. Loreak zuriak eta txikiak dira eta fruituak baia gorri oso deigarriak.

Koka hartzea Andeetako bertakoen ohitura baldin bazen ere, Inken inperioaren hondamendiaren aurretik bere erabilera mugatua zen. Espainiarren konkistaren ondoren, indigenen mundu magikoarekin lotu zen eta eliza katolikoak debekatu egin zuen. Hala ere, horren merkataritzari esker lortzen ziren diru-sarrerak kontuan edukita, onartu egin zuten gerora eta inkena ez zen ohitura sartu zen bertakoak ez zirenen eguneroko bizitzan: mate hartzen hasi ziren (infusioan); espainiar askok, ordea, mastekatu ere egiten zuen. Inka jatorriko Garcilaso de la Vegak berak 2 “Los Reales Comentarios de los Incas” izeneko liburuan, Blas Varelaren honako hitzak jaso zituen:

“ … beste erabilera garrantzitsu bat ere badu; Cuzco-ko katedraleko apezpiku eta kalonjeen diru-sarrera gehienak koka-hostoetatik datoz (…) eta horrekin salerosketak egiten diharduten espainiarrak aberastu dira. Haren dohain guztiak ezagutu ez arren, landaretxoaren kontra gauza asko esan eta idatzi duten pertsona ugari dago(…) eta orain, mago eta azti batzuek koka eskaintzen diete beren idoloei, galarazita egon beharko lukeela uste dutenen kopurua handiagotzen ari den bitartean.”

Espainiarren konkistaren ondorengo urteetan, kokak bertakoen bizitzarekin loturik jarraitu zuen eta gainerantzean ia ezezaguna zen mundu osoan, armada kolonialetako etnografoek eta botanikoek bildutako datuak alde batera utzita.

1855. urtean interes berria sortu zen kokaren inguruan. Gaedake-k erythroxylina izenaz bataiatu zuen alkaloidea isolatu zuen eta, horri esker, Ameriketako bertokoek, hainbat bidaiarik eta Europako hartzaileek landareari eransten zizkioten bertute batzuk berretsi ziren.

Kokainaren erabilpen mediko-zientifikoek bere eragin bizigarria eta anestesikoak baieztatu egin zituzten. Hurrengo urtean kokainaren eraginei buruzko idazlana argitaratu zen, inor gutxik erreparatu ez bazion ere.

1880. urtean kokainomania -ren fenomenoa agertu zen. Estatu Batuetako agintariek ordea, ez zuten 1930. urtera arte Coca-Cola ekoizteko kokainaren erabilera debekatu. 70.eko hamarkadara arte mundu osoko giro literario, politiko, merkataritzako eta zientifikoetan oso hedatua zegoenean, nazioarteko osasun-erakundeek XIX. mendeko idazlana berraurkitu zuten.

Kokaren balioak

Kokaren jatorria adierazteko, Andeetako tribuek makina bat kondaira asmatu dute. Horiek kokaren fenomenoa, haren dimentsio soziala eta sortzen dituen ondorioak hobeto ulertarazten dizkigute.

Kolonbian, Kogi indioen ahozko tradizioak hiru narrazio biltzen ditu, zein baino zein osatuagoa. Lehenak honela dio:

“ … Koka Gualchovang edo Ama Lurraren dohaina izan zen; honek Sintana heroiaren bitartez emakumezko gorputz bat kokaren lehen zuhaitz bihurtu zuen.”

Bigarrenak honela dio:

“ … Sintanaren alabari, Bunkeijm-i, xaman batek koka-hostoak eman zizkion. Etxeratzean, aita hilda zegoela ikusita, hostoak sartu zizkion ahoan. Sintanak doministiku egin eta berpiztu egin zen, bere ahotik tximeleta-oldea ateraz.”

Hirugarren kondairak berriz:

Kokeroak zorabioan. Trujillo-ko Arkeologia Museoaren Ontzi motxikarra (K.o.go 700. ingurukoa). (M.E. Laguéns)

“ … Teyuna izeneko xaman batek koka-hostoak lortu nahi zituen. Behinola, adats luzea astintzean desiratutako hostoak sortzen zituen emakume baten berri jakin zuen. Duda egin gabe, aitaren iritziaren kontra, txoriz mozorrotu zen; neskatxa igeri egiten ari zen ibaira joan eta haren ahotik edan zuen. Neskari maite zuen galdetu zion eta, baietza jasotzean, txoriak mozorroa kendu eta neskak txoria sutsuki besarkatu zuen gizon biluzia bihurtu zela ikusi zuen. Teyunari, etxera itzultzean, burua astindu eta bi koka-hazi erori zitzaizkion. Erein zituen eta landare ederra hazi zen. Horren zati bana auzokide guztiei eman zien; honenbestez, nonahira zabaldu zen.”

Bolivian eta Perun kondairak ez dira horren irudimentsuak eta, landarearen ezaugarri sakratua azaltzen badute ere, “… itolarria, nekea edo gosea arintzeko eta gizakiei indar handiagoa emateko” ezaugarri jainkotiarrak nabarmentzen dituzte.

Koka-hostoak ahoan erabiltzeko ohitura antzinakoa da eta gaur egun ere Andeetako goi-lautadetako indioen artean oso zabalduta dago, baina urte askotan goi-mailako giza taldeek mesprezatu dute herri-ohituratzat hartuz. Kontsumitzen zuen arrazan “eragin endekatzailea” zuela zioen kondaira zabaldu zen, baita menpekotasun-arriskua, nortasuna desegitea eta perbertsiozko jokaera sexualekin lotuta egotea ere erantsi zitzaion. Coquero -ak azkarregi zahartzen ei ziren.

Erabiltzaileengan koka-hostoaren ohizko kontsumoaren eraginak ulertzeko, 1939an ikerketa zientifiko batzuei hasiera eman zitzaien. Londresko “Latin American World”-ek lehenengo ikerketaren emaitzak plazaratu zituen. Koka-hostoak poliki mastekatzeak gose-sentsazioa ezareztatzen duen erreakzio anestesiko azkarra duela ahoan eta urdailean, eta funtzio organikoen gaineko eragin berriztatzailea duela baieztatu zuten. Altuera handietan, arnas-erritmoari eusten laguntzen du eta urdaileko gaixotasunen eta hortzetako txantxarraren kontra babesten du.

Erytrhoxylum coca Eritroxilazeoen familiakoa da eta 1-3 metro arteko altuera duen zuhaiska da. Adarrak urriak dira; hostoek 3-5 cm-ko luzera eta 1-2 cm-ko zabalera dute. Loreak zuriak eta txikiak dira eta fruituak baia gorri oso deigarriak.

Hirurogeiko hamarkadan, Harvard Unibertsitateko zientzilari-talde batek kokaren konposizioa ikertu zuen eta Andeetako beste landare batzuen konposizioarekin alderatu zuen. Emaitzak 1976an argitaratu ziren eta ikertzaileak berak ere harritu zituzten. Kokak, zereal eta lekadunen antzera, oso edukin energetiko handia du, baina askoz mineral eta bitamina gehiago ditu horiek baino (ikus 33. orrialdeko taula). A bitaminaren eta oinarrizko oligoelementuen (Ca, K, P eta Fe) edukin benetan handia du, baita B bitamina-konplexuarena ere. Datu hauek, eragin estimulatzaile eta anestesikoarekin batera, bertakoek horrenbeste zergatik estimatzen duten erakusten digute.

Limako Biologia Andetarraren Institutuaren sortzaile eta zuzendaria den Carlos Monge doktoreak landare honi buruzko ikerketak burutu ditu. Tokiko behaketa zuzenak koka gizakia Andeetako klima latzera eta oxigenoa urrira egokitzeko elementu garrantzitsua dela frogatu zuen. Izan ere, mendiko beste kulturetan ohizkoak diren gaixotasunak (pelagra, beri-beria, eskorbutua edo errakitismoa, adibidez, B7, B1, C eta D bitaminaren faltak eraginda, hurrenez hurren), ez ziren agertu.

Inka inperioaren garaitik (edo lehenagotik) datozen tradizio farmakologikoei jarraituz, indigenek koka sendagai modura darabilte. Koka erreak putz-kolikoak arintzen ditu eta anisarekin eta kamamila-infusioarekin nahasita, bihotzerrea ere bai. Kataplasma-moduan min erreumatiko eta muskularren kontra erabiltzen da. Zainartatuetarako, gernu fresko, kanabera-pattar eta ozpinarekin nahasturik erabiltzen da, konpresa-eran. Infusiotan edo mastekatuta, haginetako mina arintzen du. Konjuntibitisa eta buruko mina arintzeko lokietan erdi-mastekatutako koka-hostoak intxaur muskatuarekin batera ezartzen dira.

Otordu oparo baten ondoren eta eztarriko mina izanez gero, koka- matea hartzea onuragarri ei da. Ikus daitekeenez, erabilerak ugariak dira eta kalte bakarra erabiltzaileak gogoan izan beharreko esaldi honek laburbiltzen du: “Loa ezabatu, bihotza suspertu; nerbioak, ordea, ez”.

Koka eta mendi-gaitza

Andeen mendikatea Hego Ameriketako kontinentearen mendebaldean dago eta 8.000 km-ko luzera du Venezuelatik Patagoniako hegoalderaino, Kolonbia, Ekuador, Bolivia, Peru, Txile eta Argentina zeharkatuz. Betiere elurtutako 6.000 m-tik gorako gailurrak ditu, Akonkagua (6.960 m) garaiena delarik. Giza gorputzak lur garai hauetako altitudera egokitzeko arazoak dituen arren, inken ondorengoak eta beste herri batzuk bertan bizi dira.

Koka-Mama. Kondairak zera dio : “… Adats luzeko emakume batek koka-hostoak sortzen zituen ilea astintzean”.
M.E. Laguéns

Mendi-gaitza edo Hego Amerikan soroche izenaz ezagun den gaitza 3.000 m-tik gorako altitudeetan agertzen da eta heriotza ekar dezake. Gaitzaren eragile nagusiak altitudea handitu ahala oxigenoaren presio partziala txikiago izatea, guztizko presioa ere txikiagoa izatea eta eguzkitiko erradiazioaren eragina handiagoa izatea dira. Oso altitude handitan erradiazio kosmikoak eta airearen ionizazioek ere gaitza larriagotzen dute.

Mantso igotzen denean, faktore garrantzitsuena airean arnasa hartzeko oxigeno gutxiago edo ehunetan karbono(IV)oxidoaren kontzentrazio handiagoa izatea da. Biek pertsona guztiengan dute eragina; baina ez neurri berean. Ez dago arau zehatzik altitudeak organismoan duen eraginari buruz. Egokitzeko gaitasuna pertsonen araberakoa da eta neurri batean ezaugarri genetikoek zerikusia dute. Mendi-gaitza inoiz 3.000 m-tan hilgarri gertatu izan da, baina pertsona gehienek 3.500-4.000 m-ko tartean nabaritzen dute. Sintoma ohizkoenak honakoak dira: buruko mina, goragalea, zorabioa, eztul lehorra, heste-nahasmendua, loezina, goserik eza, nekea, bihotz-taupada azkarragoak eta arnasbeharra.

Hau guztia, arnasa hartzeko maiztasuna eta bihotz-taupaden erritmoa azkartzearekin batera, organismoak oxigeno-falta konpentsatzeko izugarrizko ahalegina egiten duelako gertatzen da. Kasu larrietan sintoma hauek areagotu egiten dira eta nahasmena, kanpo-estimuluekiko axolagabetasuna, koordinazio-falta eta, azkenik, konortea galtzea, bihotz-taupaden erritmoa jaistea eta arnasketa gelditzea gertatzen dira.

Altitudeak eragindako arazo gehienak egun batzuetan desagertzen dira, baina bestela, lehenbailehen jaitsi beharra dago. 500 m-ko diferentzia nahikoa izan liteke. Eta alderantziz, 500 m-ko igoerak sintomak sor ditzake. Ez dago arau finkorik; halaxe ikusi ahal izan genuen. Geure datuak ondoko taulan azaltzen ditugu. Termino zientifikoetan adierazgarriak ez badira ere, mendi-garaietako kiroletan aritzen ez direnengan izan ditzakeen ondorioak ikus ditzakezu bertan. Datuok bi tipologia eta hiru altitudetan bildu dira, soroche -aren sintomak agertu edo aldatzen diren.

Klimara egokitzeko prozesua gutxi ezagutzen da. Bereziki Himalaiara egindako espedizioetan egindako behaketek adierazten digute klimara egokitzea luzea eta zaila izaten dela; zenbat eta gorago are eta latzago, gainera. Andeetako altitudeetan soroche-ari aurre egiteko erremedio bikaina koka-matea da; edozein kafetegitan har daiteke koka-hostoz prestaturiko infusio hau. Peru eta Boliviako (Ekuadorren galarazita baitago) etxe eta hotel gehienetan mate-kikara ketsu, zapore atsegineko eta berdea zain egoten da atzerritarrari harrera egiteko; berehala berpizten du.

Koka-mate eta -hostoak. Mendi-gaitzarentzako sendagaia da. Koka-mate kikarak ketsua, ibiltaria, bat-batean indartzen du. (Argazkia Cuzco-ko Libertador Hotelekoei esker atera genuen). (M.E. Laguéns)

Mendetan lurralde haietan bizi izan diren aimara eta ketxuak oxigeno-defizitera egokitu dira. Nahiz eta txikiak izan (batezbeste 159 cm dute gizonezkoek eta 147 cm emakumezkoek), birika- eta bular-ahalmen handia dute; gorputz gotorrak dirudite. Gainera, Carlos Monge doktoreak baieztatu zuenez, hemati eta hemoglobina gehiago eta odol-bolumen handiagoa dute. 8 milioi globulu gorri, itsas mailan bizi direnen 5 milioien aldean, bi aldiz hemoglobina gehiago eta litro-erdi odol gehiago. Bihotz-taupaden erritmoa ere geldiagoa da. Ezaugarriokin, piloto peruarrak 7.000 metrotik gora igotzen dira oxigeno-mozorrorik gabe.

Altitudera egokiturik egotea eragozpen gertatzen zaie Andeetako biztanleei kostaldera hurbiltzen direnean. Haiek dira orduan “mendi-gaixotasuna” nozitzen dutenak. Haien gorputzak lehen deskribatutako sintomen antzekoak nabaritzen ditu. “Limara jaisten naizen bakoitzean bihotza azkartzen zait, arnasa hartzea kosta egiten zait eta ez dut ia goserik izaten; horregatik, neure Cuscora itzultzeko irrikitan egoten naiz …” esaten zigun Echevarria jaunak, kultura andetarrean adituak. Deitura hori izanik ere, ez zekien nongoa zen Atlantikoz beste aldetik etorritako haren arbasoa.

Koka eta antzinako inkak

Inken inperioa Andeetako mendikatea osoan zehar zabaldurik zegoen, Ekuadorretik Txileraino; herriak 3.000 m-tik gora eraiki zituzten, arto-soroetarako garaiera aproposena zela pentsatuz. Lur hotzen eremu zabalak 4.000 m-tik gorakoak, bazka eta tuberkuluak landatzeko erabili zituzten. Bero handiagoa behar duten koka eta kotoia, berriz, 2.000 m-tik behera landatu zituzten.

Koka mundu andetarreko osagaia zen eta toki nabarmena zuen zeremonia erlijiosoetan. Landare sakratutzat zuten; magia- eta iragarpen-erritoetan, sakrifizio eta xamanismoan beharrezkoa zen. Landarea askotan eskaintzen zen huacas -etan 5 eta enperadoreen momiak zeuden lekuetan. Egun handietan enperadorearen eta bere gortearen aurrean zeremoniak egiten zituzten. Festa horietarako propio prestaturiko sute handi batean, koka erretzen zuten arto eta piperminarekin batera.

Bidaietan, kokak bidegurutzeetan eta haitzuloetan bizi ziren jainkoak lasaitzeko balio izaten zuen eta are garrantzitsuago dena, bidaiariari denbora neurtzeko aukera ematen zion. Cocada bere bizkarrean lau arroako (45 kg) zama zeraman ibiltariak koka-bola bat mastekatzeko behar zuen denbora zen. Lurra laua, maldan gora ala maldan behera zen, ibilitako bidea desberdina zen. Koka-bolatxo bakoitza murtxikatzeko 35-40 bat minutu behar zuen. Bitarte horretan, kokak eragin estimulatzailea zuen eta lauan 3 km eta aldapan gora 2 egiteko astia ematen zion kargatuta zihoan pertsonari. Ibiltariek aldez aurretik erabakitako leku finkoa izaten zuten atseden hartzeko. Hantxe agortutako koka-bola berri batez ordezkatzen zuten eta 10 minutu baino lehen berriro abiatzen ziren. Eguneko lana sei-zortzi cocada hartuz burutzen zuen.

Aimara eta ketxu indioek, oxigeno eskasiari eta altura andetarretako izpi ultramoreetara egokitzeko moldaketa fisiologiko eta anatomikoak garatu dituzte.
M.E. Laguéns

Inken inperioan kokak balio terapeutiko handia zuen. Aurkitutako eskeleto eta zeramikari esker badakigu medikuntza eta kirurgia inka oso goi-mailakoa zirela. Forzeps, tornikete eta trepanazioa erabiltzen zituzten, esaterako. Ebakuntza garrantzitsu guztietan, nonbait, anestesiko gisa koka erabiltzen zuten gaixoak intsentsibilizatzeko. Chicha -z pozoitu edo hipnotizatu ere egiten zituzten.

Horren garrantzitsua izanik, koka okasioetan bestetan ez zuten erabiltzen; gobernari, apaiz eta medikuen monopolioa zen eta herri xeheak kontsumituz gero, zigortu egiten zuen. Inperioaren hondamendiarekin zigorra ere desagertu egin zen eta koka murtxikatzeko ohitura zabaldu egin zen, baino gehiegizkoa izateraino, kultiboak eta landareen komertzializazioa gehitzearekin batera. Ohitura-hedatze hori elikagai-eskasiagatik gertatu zen duda barik; janariaren ordez koka hartu behar izaten zuten. Baldintza ekonomiko eta sozial hobeek gutxitu egin zezaketen kokaren kontsumoa.

Etorkizuna

Koka nekazari peruar eta boliviarren bizimoduaren parte da. Klima gogorrean bizi ahal izateko, nekea arintzeko eta janari-eskasia osatzeko erabiltzen dute. Haietako askok oraindik ere ez dakite koka-hostoen eta kokainaren artean dagoen erlazioa. Inken landare “jainkotiarra” sendagai gisa erabiltzen da oraindik, baita gizarte-ohitura eta erlijio-errito batzuetan ere. Oihan-eremu zabaletara kultiboak hedatzeko arrazoiak narkotrafikatzaileen askonahian, beraien arteko itunetan eta Amerikako kontinenteko botere politikoan bilatu behar dira.

1961eko Vienako Konbentzioak debekaturiko substantzia psikotropikoen zerrendan sartu zuen koka-hostoa. Orduan hasi zen koka-sailak hedatzea baino ekarri ez duen borroka. Hori dela eta, Boliviako politikari, artista, abokatu, lider sindikal, ekonomilari, nekazari-buru eta intelektual ezagunek osaturiko talde batek manifestu bat sinatu zuen 1994an Vienako Konbentzioaren akordioa bertan behera uzteko eskatuz. Koka-hostoa galarazitako estupefazienteen zerrendatik kendu nahi dute etxeko kontsumoa ahalbidetzeko eta, bide batez, ugaritu eta haziz doan legez kontrako negozioa deusezteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia