Anbara: eztizko malko lehorrak

2007/09/01 Txintxurreta Agirre, Arantxa - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Duela hainbat milioi urte bizi ziren zuhaitzen erretxina da anbara, fosilduta dagoen erretxina. Itsasoan izoztuta geratzen ziren eguzki-izpiak zirela pentsatzen zuten antzina, laranja-kolorekoa eta oso distiratsua izaten baita. Batzuetan, tamaina txikiko sorpresa handiak izaten dituzte barrenean, zomorroz, hostoz edo polenez jantzirik. Anbar-aztarnategi gutxi dago munduan, eta gutxiago Araban daudenak bezalakoak.
Anbara: eztizko malko lehorrak
2007/09/01 | Txintxurreta Agirre, Arantxa | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Ezkerrean: goian, anbar-piezak, aztarnategitik atera berritan; behean, kanpoaldea opakua duen anbar-zati bat. Eskuinean: goian, burbuilak anbar-zati baten barruan; behean, diptero bat, anbar-zati baten barruan.
Arabako Museo Naturala
Ez da harri bat, ezta mineral bat ere. Material organiko bat da anbara, zuhaitzen barru-barrutik sortzen dena. Epela. Berotuz gero, erre egiten da. Argi-izpiek zeharka dezakete, eta, orduan, haren ezti-koloreak distira berezia hartzen du. Igurtziz gero, papera erakartzeko ahalmena du; propietate horregatik, grezieraz elektron esaten diote. Mineralogoek sukzinita deitzen diote, eta C 10 H 16 O formulaz ezagutzen dute. Anbar hitza arabieratik dator, eta 'itsasoan flotatzen duena' esan nahi du.

Ikatzak eta petrolioak bezalaxe, anbarak jatorri biologikoa du. Zuhaitzen erretxinatik dator. Zaurituz gero, erretxina jariatzen dute koniferoek. Azaletik hurbil, erretxina erretxin-hodietan egoten da. Jariatzen den arte likidoa bada ere, atmosferarekin kontaktuan solidotzen joaten da. Usainduna eta lingirdatsua da. Eta zurtoinaren kanpoaldean aurkitzen duen edozein eta edozer harrapatzen du erreka likatsuak; direla intsektuak eta onddoak, direla hostoak, haziak eta polen-aleak. Gainera, prozesuak betikotu egiten ditu: erretxina jariatu zenean inurri-talde bat hostoak mozten eta garraiatzen ari bazen, horixe ikusten da anbarean.

Izan ere, anbara erretxinaren fosilizazioaren ondorioz sortzen da. Denboraren poderioz, erretxina oxidatuz joaten da, eta osagai organikoen polimerizazioz anbara sortzen da. Baina hori gertatzeko milioika urte behar dira. Aurkitu izan den anbar gehiena Tertziario eta Kuaternario garaikoa da, hau da, 66 milioi urtetik honakoa; baina bada zaharragorik ere. Bestalde, tenperatura- eta presio-baldintza bereziak behar ditu sortzeko, eta mantentzeko. Eta horixe da, hain justu, Araban dauden aztarnategien ezaugarririk harrigarrienetakoa: sortu zenetik --duela 110 milioi urte baino gehiago--, gertaera geologikoek gaur egunera arte iraunarazi diote, ikusgarri jarri dute, eta egoera ezin hobean mantendu dute.

Anbara Araban

Urizaharreko eta Gatzaga Buradongo aztarnategiak denboran kokatuta.

Araban bi aztarnategi daude, eta Euskal Herrian dauden bakarrak dira. Biak Kantabriako Mendizerran daude, Toloño inguruan. Bata Urizaharran; bestea Gatzaga Buradonen. Ia kasualitatez aurkitu zuten horietatik lehena, 1995ean.

90eko hamarkadaren hasieran, gemologia ikasteko aukera sortu zen Gasteizen. Gemak nola leundu eta lantzen diren ikasten dute, besteak beste. Eskola horretatik atera zen Rafael Lopez del Valle, gemologo bihurturik. 1995ean, Kantabriako Mendizerran aurkitutako anbar-zati batzuk tratatzen ari zela, intsektu bat aurkitu zuen barruan. Horrek zuen garrantziaz jabeturik, Gasteizen dagoen Arabako Museo Naturalera jo zuen. Horixe izan zen Arabako aztarnategien hasiera, horixe ikerketa ugariren abiapuntua.

Gaur egun, museoak kudeatzen duen aztarnategiaren azterketan lan egiten duen adituetako bat da Lopez Del Valle. Jesus Alonso da Museoko zuzendaria, eta ikerketen burua: "zientzian gauza asko aurkitzen da kasualitatez, baina, egia da, txartelak erosten dituenari soilik toka dakioke loteria".

Urizaharran lehen aztarnategi hura aurkituta, beste batzuen bila hasi ziren inguruan. Horrela aurkitu zuten bigarrena, Gatzaga Buradonen, Bastidan. Bigarren horrek ere sorpresa ugari ezkutatzen ditu bere barnean: Urizaharrakoa baino emankorragoa da, 1.000 kg arrokatik 75 g baitira anbar --Urizaharrakoan 1.000 kg-tik 10 besterik ez dira--. Hala ere, ikerketaren lehen urratsetan dago Gatzaga Buradongo aztarnategia, eta, orain arte anbar-inklusio asko aurkitu badute ere (anbarean harrapatuta gelditutako edozer), sorpresa gehiago gordetzen dituelakoan daude.

Jesús Alonso da Arabako Museo Naturaleko zuzendaria eta anbar-aztarnategien arduraduna. Irudian, anbar-inklusio batzuen argazkiei begira dago.
A. Txintxurreta
Sorpresak

Araban aurkitutako sorpresa guztietatik lehena besterik ez zen izan Lopez del Vallek aurkitutako intsektu hura; harrezkero, gehiago aurkitu dira, euliak, tximeletak, matxinsaltoak... Urizaharran bakarrik, 13 intsektu-ordena desberdin azaldu dira. Horiez gain, akaroak, armiarmak, krustazeoak, moluskuak zein landareak, onddoak eta bakterioak azaldu dira. Fosilduta ez dagoen materia organikoa ere aurkitu dute. Guztira, bi mila inklusio biologiko baino gehiago aurkitu dituzte gaur arte, Arabako anbarean. Baita airez eta likidoz betetako burbuilak ere.

Inklusio asko eta mota askotakoak aurkitu dituzte, eta haien kalitatea ere aparta da; informazio asko eskaintzen ari dira. "Urizaharra baino lehen, pentsatzen zuten euliak Tertziarioan azaldu zirela, ezagutzen zen euli-aztarnarik zaharrena garai hartakoa zelako. Eta hori talde gehiagorekin ere pasatu da, modernotzat geneuzkan taldeak anbarean azaldu dira", argitu digu Alonsok. Urizaharran topatutako bizidun askoren historia ebolutiboan ez da aurkitu, oraingoz, hauek baino aztarna zaharragorik. Gainera, gaur egun ordezkaririk ez duten hainbat bizidunen fosilak ere aurkitu dituzte; bizidun haiek ezin izan zuten Behe eta Goi Kretazeoaren muga igaro, iraungi egin ziren.

Urizaharrako aztarnategia. Goiko geruza argi fina kenduta, lur beltza ageri da: hortxe dago anbara.
Arabako Museo Naturala

Arabako aztarnategietan dagoena, beraz, berezia da: "oso antzinako intsektu-taldeen ordezkariak talde modernoen ordezkariekin nahasita agertzen dira. Aztarnategi hauetan muga hori azaltzen da. Adibidez, tximeletek ez dute espiritronparik, ez zutelako zer xurgatu; barailak dituzte, haragijaleak izango ziren eta".

Arabako aztarnategiak Behe Kretazeoko Aptiar garaikoak dira, duela 114 milioi urte ingurukoak; munduan dauden Behe Kretazeoko aztarnategirik oparoenak dira. Garai nahasia izan zen hura, Jurasikoaren bukaeran eta Kretazeoan zehar aldaketa sakonak gertatu baitziren landare-komunitateetan. Aldaketarik nabarmenena, seguru asko, loredun landareen agerpena izan zen. Haien arrakasta oso handia izan zen, planetaren paisaia guztiz aldatzerainokoa. Iratzeak eta koniferoak nagusitzen ziren paisaia izatetik loredun landarez beteta egotera igaro zen. Horrek aldaketak eragin zituen gainerako bizidunetan, eta animaliek, esaterako, moldatu egin behar izan zuten egoera berrira.

Mikroaren mundua

Garai hartako Arabak zein inguruak ondorengo urteetan izan zituzten aldaketak islatzen ditu anbarak. Erretxinak, animalia handiak baino gehiago, txikiak harrapatzen ditu, eta Arabako anbara animaliaz josirik dago. Orain arte aipatutakoak begi hutsez ikusten dira, baina orain arte ikusi ez ziren sorpresa gehiago ere gordetzen zituen anbarak.

Duela 114 urte inguruko intsektu baten hego honetan detailerik txikiena ere ikus daiteke, anbarak kontserbatzeko duen ahalmen bikainari esker.
Arabako Museo Naturala

Emozioz aitortu digu Jesús Alonsok aitzindariak izan direla anbararen azterketan. "Antartikan espainiar talde batek egiten zuen lana ezagutzen genuen. Harkaitzaren barruan zeuden unizelularrak aztertzen zituzten. Haiek erabiltzen zituzten teknikak anbarean erabiltzea pentsatu genuen, nahiz eta ez genekien anbarak nola erantzungo zuen". Mikroskopia elektronikoa probatu, eta mundu ezezagun bat aurkitu zuten, "horrela sartu ginen mikroaren munduan".

Organismo unizelularrak aurkitu zituzten, protozooak, adibidez; baita plurizelularrak ere, onddoak, besteak beste. Teknika berritzaileek agerian utzi zituzten mikroorganismoen komunitateak, baina baita haien arteko sinbiosiak ere. Gainera, bestelako inklusioak ere aztertu ahal izan zituzten metodo haiekin, bizidunetatik eratorriak ez ziren hainbat egitura, eta horiek guztiek informazio berria eskaini zieten, orain arte anbarean inoiz ikertu ez den informazioa.

Metodologia beti bera da: aztarnategian zerbait aurkitzen dutenean, laborategira ekartzen dute, garbitu egiten dute eta mikroskopiotik begiratzen diote. Ez dute ezer botatzen, garbitzean baztertutakoak ere aztertu egiten baitituzte. Inklusiorik aurkitzen badute, mundu osoko adituei bidaltzen diete; akaro bat aurkitzen badute, adibidez, akaroetan aditua den norbaiti bidaltzen diote. Hark lagunduko du zehazten animalia hori zein espezietakoa den. Aditu horiek aurkitzea lan nekeza dela aitortu du Jesús Alonsok, besteak beste espezializatutako paleontologoak gutxi direlako; "hainbat tesi bideratu dira Arabako anbararen azterketara, eta, hortik bai, aterako dira espezializatutako adituak".

Jesús Alonsok ez du etsaitzat hartzen bitxigintza; aitzitik, anbara preziatzen lagundu duela pentsatzen du.
A. Txintxurreta

Araba, duela 114 milioi urte

Anbararekin batera bestelako fosilak aurkitu dituzte, oso egoera onean; ikatz bihurtutako lumek, landareen hostoek, polenak eta egur-fosilek, besteak beste, garai hartako ekosistemak eta klima nolakoak ziren ulertzen lagunduko dute, ezbairik gabe. Anbarean aurkitutakoetatik jasotako informazioak, anbararen egiturak berak eskainitakoak eta anbaraz gain aztarnategian aurkitutakoen azterketak dagoeneko eman dute bidea jakiteko nolakoa zen ingurua.

Behe Kretazeoan, Euskal Herria ur azpian zegoen. Hondartzara joatekotan, Araba hegoaldera joan beharko genukeen, Kantabriako mendizerra ingurura, han baitzegoen kostaldea. Gainera, bidean, mangladi bat aurkituko genukeen, ibai bat itsasoratzen zen inguruan, hondartzatik ez oso urruti. Kanoatxo bat eginez gero, mangladiko txokoak eta biztanleak ezagutu ahal izango genituzkeen. Kanoa egiteko mangladitik hurbil zegoen basora sartu beharko genukeen; iratze erraldoien artetik igaro beharko genukeen, trikuren bat edo beste agurtu, intsektu eta armiarmak uxatu, eta, azkenik, araukariaren bat edo magnoliaren bat aurkitzean, haren egurraz kanoa egin ahal izango genukeen.

Anbararen barruan dauden burbuilek gordetzen duten airea garai bateko atmosfera denik ezin esan daiteke.
Arabako Museo Naturala

Hori guztia, noski, hondartzara joatekotan; baina orduan ez zegoen gizakirik, ezta bestelako primaterik ere. Dinosauroak ziren jaun eta jabe. Garai hartan azaldu ziren, ustez, lehen hegaztiak, baita lehen loredun landareak ere; aldaketa handia eragin zuen azken horrek ingurunean.

Mundua aktibo zegoen, biologikoki zein geologikoki. Esan bezala, Arabako zatirik handiena ur azpian zegoen, eta kostako muga gaur egungo Toloño-Kantabria mendizerran zegoen. Ibaiek deltak eta estuarioak sortzen zituzten han. Eta horietan, haien harea- eta buztin-sedimentuetan pilatzen ziren ibaiek ekarritako landareen hondakinak; basoek adar, enbor eta hosto ugari uzten zuten uretan, baita hondakinei itsatsitako erretxina ere.

Batzuetan, bat-batean, ur-erauntsi handiak jausten ziren, eta berekin ekartzen zuten guztiaz estaltzen zituzten sedimentuak. Deltetan eta estuarioetan pilatzen ziren sedimentuak zigilatuta geratzen ziren modu horretara. Eta horrela iraun dute gaur egunera arte. Iberiar plakak Europarekin talka egin zuenean, jalkin horiek tolestu eta azaleratu zituen, eta ondoren jasandako erosioak Rafael Lopez del Vallek ikusteko moduan utzi zituen sedimentuok.

Pirita-zatiak dituen anbar-pieza bat, Gatzaga Buradongo aztarnategian aurkitutakoa.
Arabako Museo Naturala

Lopez Del Valle bera, Alonso zuzendari gisa, eta aditu-talde zabal bat jo eta su ari dira lanean Arabako anbarak ezkutatzen dituenak agerian uzteko. Munduan dauden 22 aztarnategietatik 11 soilik dira dinosauroak suntsitu baino lehenagokoak, baina horietatik 6 besterik ez dira 112 milioi urte baino gehiagokoak; eta 6 horien artean 2 besterik ez dira garrantzitsuak, aurkitutako inklusio-kopuruari erreparatuta: bata Libanon dago, eta bestea Araban (Arabakoak bi aztarnategi badira ere, kontaketarako baten gisa hartzen dira, inguru berean daudelako). Hortaz, beren lanaren garrantziaren jakitun dira Gasteizko Natur Zientzietako Museoan.

Orain arte atera duten informazioa ez da urria, baina lan handia geratzen zaie. Arabako aztarnategietan islatzen diren ekosistemak ongi ezagutzeak Lurraren antzinako bizitza hobeto ulertzea ekarriko du. Arabako anbarak ez du oraindik esan esateko duen guztia.

51,8 ºC bakarrik
Gatzaga Buradongo azaleratze bat. Artean indusketa hastear zegoen.
(Argazkia: Arabako Museo Naturala)
Diapiroak dira, hein handi batean, Araban anbar-aztarnategiak egotearen erantzule. Diapiroak egitura geologiko batzuk dira, dentsitatea dela eta, poliki-poliki azaleratzen joan ziren sedimentuak. Azaleratzeko mugimendu horrek ez die utzi sedimentuei hondoratzen, ez ditu sakonera bidali, eta, ondorioz, arrokek ez dute ez tenperatura ez presio alturik jasan.
Urizaharran egindako azterketek erakutsi dutenez, historia guztian zehar hango sedimentuek jasan zuten tenperaturarik altuena 51,8 ºC izan da, Kretazeoaren bukaeran, duela 65 milioi urte inguru. Eta hortxe aurkitu dute anbara, sedimentu horietan, egoera ezin hobean. Ez da arrunta. Arrunta litzateke tenperatura eta presio altuek anbara erretzea, degradatzea.
Txintxurreta Agirre, Arantxa
3
234
2007
9
033
Paleontologia
Artikulua
19