Amuarrainen arrautzak eta enbrioiak, antibiotikoen alternatibak ebaluatzeko

Ana Galarraga Aiestaran


Arrain- eta animalia-haztegietan erabiltzen diren antibiotikoek areagotu egiten dute erresistentziak sortzeko arriskua. Arazoari irtenbidea emateko, antibiotikoen ordezko alternatibak ebaluatzeko metodo bat ikertu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan, seguruak izan daitezen akuikulturan, albaitaritzan zein gizakien medikuntza. Zehazki, arrautza enbrionatuak eta amuarrainaren larba besikulatuak erabiltzea proposatzen dute, bakterio onuragarriak (probiotikoak) eta haien metabolitoak (posbiotikoak) ebaluatzeko, Osasun Bakarraren ikuspegiarekin.

Probiotikoak mikroorganismo biziak dira, eta kopuru egokietan ematen badira, onurak ematen dizkiote ostalariaren osasunari. Haren deribatu posbiotikoak mikroorganismo horiek sortutako substantziak dira (esaterako, azido organikoak, bakteriozinak edo peptidoak), eta propietate onuragarriak ere badituzte. Tradizionalki, arrainekin probatu dira, ale gazteak edo helduak erabiliz, eta horrek kostu handiak eta animalien erabilera esanguratsua dakartza. NUPan egindako tesian, frogatu dute arrautza enbrionatuak eta amuarrain arruntaren larba besikulatuak eredu ornodun bakun eta etikoak izan daitezkeela, probiotikoen eta posbiotikoen baheketa azkarrak egiteko.

«tesiak funtsezko ezagutza ematen du arrainentzako tratamendu prebentiboak diseinatzeko, eta antimikrobianoekiko mendekotasuna murrizteko»

Hain zuzen, garapenaren etapa goiztiarretan organismoak erabiltzea bat dator Ordezkatzea, Murriztea eta Fintzea printzipioekin, animalia helduen erabilera saihesten baita. Hala, tesiak funtsezko ezagutza ematen du arrainentzako tratamendu prebentiboak diseinatzeko, eta antimikrobianoekiko mendekotasuna murrizteko. Horrek ondorio zuzenak ditu elikagaien segurtasunean, eta lagungarria da antibiotikoekiko erresistentziaren aurkako borroka globalean.

Erlazionatuak

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali