Amianto, babesa arriskutsua
1995/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bere erabilera erabat araututa dago gaur egun, baina arazoa lehenagotik dator. Amiantoaz ari gatzaizu irakurle, magnesio eta kaltzio silikato hidratatuz osatutako mineral erregaitzaz. Izan ere, Belgikako gobernuak 3.000 eraikinetan atzeman du amiantoak sortutako poluzioa eta 240.000 milioi pezeta erabili beharko dira horiek guztiak “garbituz” berrerabili ahal izateko.
Ez da txantxetako kontua. Amiantoak minbizia eragiten duela dudarik ez dago gaur egun. Horixe baieztatu dute mineralaren toxikotasunari buruz egin diren ikerketa guztiek, kopuru txiki bat nahikoa delarik arrisku-faktorea areagotzeko. Alabaina, azterketarik ez zegoen amiantoaren erabilera erabat arrunta zen garaian. Esate baterako, Belgikan 60. hamarkadan neurririk gabe erabili zen material erregaitza eraikuntzak babesteko.
Arazoa beraz, ez da gaur goizekoa. Berlaymont izeneko eraikinean, artean Europako Komisioaren Egoitza Nagusia zen eraikinean atzeman zen lehen aldiz arazoa. Halaber, ikurtzat hartzen den eraikin horretan hasiko dira aurki berrerabiltze-lanak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia