}

Amazoniarrak eta ozeaniarrak genetikoki lotuta

2015/07/23 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

amazoniarren-eta-ozeaniarren-arteko-lotura-genetik
Arg. JialiangGao www.peace-on-earth.org

Aste honetan Naturen eta Sciencen argitaratu diren bi ikerketak amerikarren jatorriari buruzko datu eta hipotesi berriak jarri dituzte mahai-gainean. Gaur egungo eta antzinako DNA aztertuta, bi ikerketa-taldek ikusi dute (bakoitzak bere aldetik) Amazoniako biztanle batzuek gainerako amerikarrek baino antzekotasun genetiko handiagoa dutela australiarrekin eta melanesiarrekin.

Amerika izan zen gizakia iritsi zen azken kontinentea. Duela 23.000 urte gertatu zen hori, Sciencen argitaratu berri den ikerketaren arabera. Ondorioztatu dutenez, Siberiatik Bering-era pasa ziren, eta han 8.000 urtez egon ondoren, Amerikan zehar hedatu ziren, duela 13.000 urte Ipar Amerikako eta Hego Amerikako adarretan banatuz. Hori bat dator orain arte onartuta zegoenarekin. Baina, horrez gain, ikusi dute Amazoniako Surui populazioak eta aleutiarrek (Alaskaren ekialdeko uharteetako biztanleak) lotura genetikoa dutela australiar eta melanesiarrekin (Australiaren ipar-ekialdean dauden uharteetako biztanleak).

Eta antzeko zerbait aurkitu dute Naturen argitaratu duten lanean ere: Amazoniako Surui eta Karitiana populazioetan Papua Ginea Berriko (Melanesia) biztanleekiko eta australiar aborigenekiko antzekotasun genetikoak aurkitu dituzte.

Dena den, bi taldeek ez dituzte ondorio berdinak atera. Naturekoen ustez, gainerako amerikarren arbasoekin ia batera, edo agian, lehentxeago pasa ziren australiar eta melanesiarren arbasoak. Sciencekoen ustez, berriz, askoz beranduago gertatu zen hori, duela 9.000 bat urte; eta lehenago pasatako lehen amerikarrekin gurutzatu ziren.

Bi ikerketa-taldeek ez dute elkarren lanen berri izan azken unera arte. Eta orain, bi lanen emaitzak nolabait bateratu ote daitezkeen aztertzen ari dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia