Elhuyar zientziaren komunikazioa

Amazonas ibaiaren sekretu bat gutxiago

2001/02/06 Elhuyar Zientzia

Munduko ibairik handienaren sorlekuaren kokapenari buruzko zalantzak argitu dira. Amazonas ibaiaren iturria Ozeano Pazifikotik 160 kilometrora dago, nahiz eta 6.400 km-ko ibilbide luzearen ondoren, Ozeano Atlantikora isurtzen den. Bi urteko ikerketa luzeari esker jakin da Amazonasek bidaia Peruko Nevado del Mismis-en hasten duela, 5.600 metroko altitudean.

Amazonas ibaiak ongi irabazia du munduko ibai handienaren lekua. Izan ere, ur-emaririk handieneko ibaia da (200.000 km3/s), baita arrorik zabalena duena ere (7.050.000 km2). Zenbait lekutan 6 km zabal da, eta sakonera, berriz, 20-25 eta 800 m bitartekoa du.

Ozeano Atlantikora isurtzen duen ur-kantitatea Zaire ibaiarena baino lau aldiz handiagoa eta Mississipirena baino hamar aldiz handiagoa da. Gainera, lurreko uren bosten edo laurden bat Amazonas ibaiaren ibilgutik pasatzen dela kalkulatu da. Arroak Brasil, Guyanak, Venezuela, Kolonbia, Ekuador, Peru eta Bolivia estatuak hartzen ditu bere baitan. Hain arro zabala izanda ez da harritzekoa 1.100 adar baino gehiagoz osatua egotea. Garrantzitsuenak Negro, Branco eta Japura dira iparraldean eta Marañon, Madeira, Tapajos eta Xingu, hegoaldean. Amazonasek urte osoan jasotzen du ura.

Amazonas ibaiak handitasun eta aberastasunaren aldetik merezi dituen goraipamen ugari bezalaxe ezin aipatu gabe utzi biologoentzat eskualde osoak duen garrantzia. Izan ere, bi milioi intsektu-espezie, 100.000 landare-espezie, 600 ugaztun-mota eta 2.000 arrain-espezie dago bertan eta haietako asko munduan beste inon aurkitzen ez diren espezieak dira gainera.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia