}

Amalda III kobazuloko neandertalen bilakaera, ingurumenari lotuta

2024/05/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

amalda-iii-kobazuloko-neandertalen-bilakaera-ingur
Amalda III kobazuloa airetik ikusita. Arg. Alfonso Benito Calvo

Amalda III kobazuloan (Zestoa) egindako diziplinarteko ikerketaren azken emaitzak argitaratu dituzte Quaternary Science Reviews aldizkarian, Joseba Rios Garaizar arkeologoaren gidaritzapean. Ikerketa horren helburua zen lehendik kobazulo horretan egindako indusketak osatzea, aberastea eta fintzea, hobeto ezagutzeko nola egokitu ziren ingurunera kobazuloan bizi izan ziren neandertalak, duela 100.000 eta 45.000 urteen artean.

Horretarako, hainbat diziplinatako espezialistak aritu dira elkarlanean, eta, hain zuzen, hori da Riosek nabarmendu duen lehen gauza: “Horri esker, lortu dugu kronologia zabal bat zehaztea, eta, horrekin batera, ingurumenari buruzko informazioa. Hori oso garrantzitsua da, orain arte ez baikenuen ingurumenarekin lotutako ia ezer, eta genuena ere dataziorik gabe genuen. Orain, datazioaren adierazle modura polena erabilita, kultura, datazioa, eta ingurumena elkarrekin erlazionatu ditugu, eta, horrela, kobazuloaren eta hango neandertalen bilakaera ezagutu dugu”.

Artikuluan zehazten dutenez, polen-sekuentziak, mikromorfologia, luminiszentzia optikoki estimulatua (OSL) eta fauna eta industria litikoaren bildumak erabili dituzte, neandertalen aldaketak eta ingurumenarekin duten erlazioa azaltzeko eta ulertzeko. “Oso garai interesgarria da: glaziar arteko aldi bat bukatuzen, gero aro glaziar gogor bat etorri zen, eta gero beste glaziar arteko bat, ez hain argia, baina tira. Garai horretan, neandertal klasikoak garatu ziren, eta neandertalen azken kapitulua idatzi ze. Horregatik da hain garrantzitsua”, azaldu du Riosek.

Bi garai, bi kultura

Arkeologoak, Amalda III aztarnategian lanean. Arg. Jose Inazio Arrieta

Amalda III kobazuloa Antxieta Arkeologia Taldeak esploratu zuen lehen aldiz, 1983-1984 urteetan. Erdi Paleolitoko sekuentzia arkeologiko bat aurkitu zuten, eta geroko indusketek erakutsi zuten bi alditan bizi izan zirela neandertalak han. Lehenengoa MIS5ean hasi zen, eta Levallois industria zuten, mousteriar kulturako puntekin eta aurpegibikoekin; eta MIS3aren hasieran izan zen bestea, eta baskoniar industria zuten zuten orduan.

Aldietako batetik bestera asko aldatu ziren ingurumeneko kondizioak, eta haietara moldatu ziren bi aldietan han bizi izan ziren neandertalak: geruza zaharrenetan, neandertalek egonaldi laburrak egin zituzten, eta, tarte horietan, lantzen puntak konpontzen zituzten; goiko geruzetan, berriz, jarduera intentsoagoak egin zituzten, eta, horretarako tresna astunagoak behar zituztenez, Urola inguruan aurkitzen zituzten arroka bolkanikoak erabiltzen zituzten.

Informazio oso baliotsua lortu duten arren, Riosek aurreratu du datozen urteetan jarraituko dutela Amaldako neandertalen historia osatzen, egiten ari diren indusketetan material gehiago azaltzen ari baita. Lanean jarraitzeko asmoa dute, beraz: “Gainera, gure datuak baliagarriak dira Kantauriar eremuko beste aztarnategi batzuetako aztarnak interpretatzeko ere. Eta hori ere garrantzitsua da, horrela sortzen baita ezagutza: diziplina bakoitzeko ekarpenak gehituz eta gure datuak besteenekin erlazionatuz”.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia