}

Amaitu da InSight, Marte ezagutzen lagundu duen misioa

2022/12/28 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

amaitu-da-insight-marte-ezagutzen-lagundu-duen-mis
InSight moduluak bere buruari ateratako azken argazkia, 2022ko apirilaren 24an. Arg. NASA/JPL-Caltech

Marteren azalean lau urte eman ondoren, amaitu da InSight misioa. Denbora horretan, ehunka mugimendu sismikoen eta meteoritoen inpaktuen datuak bildu ditu InSight moduluak (guztira, 1300 baino gehiago). 2022ko abenduaren 15az geroztik, baina, NASAk ez du haren seinalerik jaso; beraz, bateriarik gabe geratu dela ondorioztatu du, eta bukatutzat eman du misioa. Nolanahi ere, misioak aurreikusitakoa baino askoz gehiago iraun du, berez, bi urtetakoa baitzen.

InSightek bildutako datuek Marteren barnealdeari eta klimari buruzko informazio baliotsua eman dute. Adibidez, meteoritoen inpaktuak lagungarriak izan dira Marteren azalaren adina kalkulatzeko, eta barneko geruzen konposizioa ezagutzeko. Haizearen eta tenperaturaren sentsoreek, berriz, xehetasunak eman dituzte Marteko klimaz.

Denborarekin, baina, eguzki-paneletan hautsa pilatzen joan da, eta bateria, pixkanaka, energiarik gabe geratu da. Eman duen azken informazioa, hala ere, benetan ikusgarria izan da: InSight moduluak eta zunda orbitalek jasotako informazioa aztertuta, ondorioztatu dute Elysium Planitian, Marteko lautada handienetako batean, jarduera bolkanikoa duen eremu handi bat dagoela. Eremu bolkaniko horrek 4.000 km-ko diametroa duela kalkultatu dute, eta gaur egun aktiboa dela baieztatu dute. Nature aldizkarian argitaratu dituzte xehetasunak.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia