}

Alzheimer gaitzaren eta proteinen metaketen arteko lotura egiaztatu da

2002/04/04 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Orain arte, Alzheimer eta antzeko gaitzak gaizki tolestutako proteinak metatzearen ondorio zirelako ustea hipotesi hutsa zen. Aste honetan egiaztatu da hala gertatzen dela benetan.
b-amiloide proteinaren egitura.

Harvard Unibertsitateko ikerlari-talde batek egiaztatu berri du proteinen metaketak direla Alzheimerraren eta nerbio-sistemako antzeko endekapenezko gaitzen eragile zuzenak. -amiloide deitu duten proteina da guztiaren erruduna. Gaizki tolestutako proteina horien multzo txiki bat nahikoa omen da neuronen funtzionamendu egokia galarazteko. Sinapsi-guneetan metatzen dira multzoak eta neuronen arteko sinapsiak oztopatzen dituzte. Sinapsiak egoki egiten ez badira, nerbio-sistemak ez du ongi funtzionatzen eta nerbio-sistemako endekapenezko gaitzak agertzeko arrisku handia dago.

Aspalditik zekiten ikerlariek Alzheimer gaitza pairatzen zuten gaixoen burmuinean amiloide proteinen kopuru oso altuak zituztela. Baina orain arte ezin izan da egiaztatu metaketen eta gaitzaren arteko erlazio zuzenik.

Horretaz gain, proteinei metatzeko agindua ematen dien substantziaren inhibitzailea aurkitu du ikerlari-talde berak. Jada botika-enpresa ugari dabiltza inhibitzaile horretan oinarritutako botikak prestatzen, eta hemendik bost edo zazpi urtera Alzheimerra tratatzeko botika merkatuan egongo dela uste dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia