}

Alexander Von Humboldt

1992/01/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Naturalista aleman honen izen osoa Friedrich Wilhelm Karl Heinrich Alexander zen, eta ez da nahastu behar Euskal Herria eta beste hainbat toki bisitatu zituen bere anaia Wilhelm hizkuntzalariarekin.

Gu Alexanderri buruz mintzatuko gara; batez ere Natur Zientziak aztertu eta geofisikaren sortzaile izan zenari buruz.

Alexander Humboldt, Berlinen jaio zen 1769. urteko irailaren 14ean. Aita Prusiako Federiko La Haundiaren gorteko ofizial zuen eta Tegel-eko gazteluan egin zituen lehen ikasketak. Gero Berlin, Frankfurt eta Gottingen-eko unibertsitateetan hezi zen. Hasieran zientziak oro har eta batez ere botanikak erakartzen zuen.

Alexander von Humboldt.

1790. urtean egin zuen bere lehen bidaia. Europako mendebaldean ibili zen, bertan zientzigizon ospetsuak ezagutu zituelarik. Bidaiatik itzulita, Freiburg-eko Meatzaritza-Eskolan matrikulatu zen eta bertan Werner-en neptunismoa ederki ikasi zuen. Geologi eta meatze-injinerutza landu zituen.

1972. urtetik 1979. urterarte, Alexander Humboldt Prusiako gobernuaren meatze-ikuskari izan zen. Bayreuth-en lan bikaina egin zuen, eta tarteka korronte elektrikoak giharre eta nerbiotan zeukan eragina aztertzen ere aritu zen; Galvanik aurkituberria zuen fenomenoa aztertzen, alegia. Galvanik Voltarekin izandako eztabaidan, Humboldt Galvaniren alde atera zen, eta ezaguna da auzi hartan Voltak zuela arrazoi. 1976. urtean, ama hil zitzaion. Harengandik jasotako ondarea zela eta, bizimodua ateratzeko derrigor lana egin beharrik ez zeukan. Horregatik, bidaiak egiteko zeukan joerari amor emanda, berebiziko ibilaldiak egin zituen.

Parisen zientzi materiala erosten ari zela, Aime Bonpland naturalista ezagutu zuen. 1978. urtean biak joan ziren handik Espainiara. Iberiar meseta eta Kanaria irlak aztertu zituzten. Madrilen bi zientzilariek Espainiak Ameriketan zituen koloniak bisitatzeko baimena lortuta, 1799.ean Venezuela aldera abiatu ziren. Hasieran gerrauntzi britainiarretatik babestu beharra izan zuten, Napoleonen gerrak orduantxe hastear zeudelako.

Hurrengo bost urteetan zehar, ia hamar mila kilometro egin zituzten Ertamerikan eta Hegoamerikan landareak biltzen, meteorologiari buruzko datuak jasotzen, Lurraren eremu magnetikoa aztertzen eta geofisikarekin zerikusia zeukan beste hainbat arazo ikertzen.

1800. urtean Venezuelako Llanos lurraldea zeharkatu eta Cassiquiare ibaia aztertu zuten. Ibai horrek izan ere, Amazonas arroko urak Orinoco arrokoarenekin elkartzen ditu. Bi ibai garrantzitsu hauek elkartuta zeudela aurkitu zuten, beraz.

1801. urtean Humboldt eta Bonpland Kolonbian ziren eta 1802.ean Chimborazo sumendia aztertu zuten. 6.272 metro dituen arren, bi zientzilariak 5.610 metroko altueraraino behintzat heldu ziren. Amerikako sumendiei buruz, lerrokatuta zeudela zioen, lurrazaleko eten sakon baten norabidean baileuden.

Peruko Amazonas arroan ibili ondoren, Hegoamerikako mendebaldeko kostan itsasoak zeuzkan korronteak aztertu zituen. Horregatik du Humboldt izena hango itsas korronte batek.

Alexanderrek Natur Zientziak aztertu zituen bereziki eta geofisikaren sortzailetzat har genezake. Kilomea kraterra, Wahaii irlak.

Ameriketako indiarren antzinako arrastoen berri ere eman zuen, eta Peruko guanoa ongarri gisa erabiltzeko ekarri zuen Europara.

Europara itzuli baino lehen, 1803 eta 1804. urteetan Mexiko eta sortuberria zen Estatu Batuetara joan ziren bi zientzilari bidaiariak. Han Jefferson lehendakaria ikusteko parada izan zuten. Ameriketako bidaia hartan jasotako datuak aztertzen beste hogei urte eman zituen Humboldtek.

Dena den, 1807. urtean Parisen bizi izan zenean Ameriketako bidaiei buruzko hogeitamar libururen idazketako zuzendaritzan aritu zen. Gay-Lussac-ekin batera atmosferaren konposizioa aztertzeko ikerketa batzuk ere egin zituen.

Napoleon erori zenean, Humboldt Prusiako Federiko IIl.aren zerbitzura jarri zen. Diplomazi lanetan ibili zen, eta ondarea agortzen ari zitzaionez gero, Berlinen ordainduta lanean hasi behar izan zuen 1827.ean.

1829.ean, Errusiako Nikolas I.a tsarrak gonbidaturik Asia aldeko lurraldeak ikertu zituen. Dzungaria eta Altai-n ibili zen.

Azkenean, hirurogeitamar urte beterik zituela, bere bizialdian jasotako ezagumenduak antolatzeari eta taxutzeari ekin zion. Helburua dena lan batean, Kosmos izenekoan, biltzea zen. Lurra benetan ikuspegi kosmikotik aztertu nahi zuen, gorputz bakarreko multzo bat bezala kontsideraturik. Ekologiaren sortzaile dela esan daiteke, beraz. Bere helburua lortu zuen, nahiz eta Kosmos-en bostgarren liburukia Berlinen 1859.eko maiatzaren 6an hil ondoren argitaratu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia