}

Alearen araberako elur-jauziak

2001/07/09 Elhuyar Zientzia

Itxuraz, elur-jauziak likido baten modura jokatzen du maldan beherako bidean, baina, Finlandiako ikertzaile batzuen arabera, solidoen dinamikaz gertatzen da erorketa.

Jauziaren dinamika elur-pusken tamainaren menpe dago. Elur-aleak oso txikiak direnean, trinko metatzen dira eta elur-jauzia bloketan gertatzen da. Finlandiako Jyväskylä unibertsitateko Jan Åström eta Jussi Timonen zientzialariek elurra solidoen dinamikaz mugitzen dela aurkitu dute. Horretarako, elurraren eredu teorikoa garatu dute eta jauziaren simulatu dute.

Ereduan elurra plakatan antolatuta dago. Ordenagailuaren bitartez, elur-plakak itxura ezberdineko mendi-magaletatik erortzen direneko simulazioak egin zituzten. Horrela, plaka horiek nola puskatzen diren eta elur-jauzia nola gertatzen den aztertu zuten.

Gaur egun, zientzialari asko elur-plaken apurtze-prozesuak ikertzen ari dira seinale akustikoen bidez. Helburua elur-jauzia iragartzea da, eta horretarako, Åström eta Timonen finlandiarren lan teorikoak lagungarri suerta daitezke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia