}

Akabo antxoaren iruzurrei

2011/02/27 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Produktu preziatua da Kantauriko antxoa, freskoa zein kontserban dagoena. Antxoa horrek ezaugarri sentsorial bereziak ditu: irmotasuna eta zapore apur bat mingotsa ditu. Kontsumitzaileak gogoko ditu ezaugarri horiek, eta kontsumitzen duen arrainaren jatorria zein den jakiteko eskubide osoa du, inolako iruzurretan erori gabe.
AZTI-Tecnalia

Kontua da antxoa guztiak direla Engraulis encrasicolus espeziea: Bizkaiko Golkokoa, Ipar Itsasokoa, Adriatikokoa, Mediterraneoko mendebaldekoa, Cadizko kostaldekoa, Portugalgo kostaldekoa eta Hegoafrikakoa; alegia, Europako antxoa dira horiek guztiak. Bakarra da, jatorri askokoa izan daitekeen arren. Beraz, gerta liteke, antxoak jatorri batekoa izanda, beste jatorri batekoak balira bezala merkaturatzea, eta Kantauriko antxoa balitz bezala Cadizkoa, Portugalgoa edo Hegoafrikakoa erosi eta jatea.

Iruzur horiek saihesteko, Azti-Tecnalia zentro teknologikoak eta EHUk Bizkaiko Golkoko antxoa genetikoki identifikatzea lortu dute. Horri esker, beste toki batzuetako aleetatik bereizi ahal izango da, eta kontsumitzaileek jakin ahal izango dute benetan Kantauriko antxoa erosten ari direla.

Produktu baten DNA aztertuta, produktu hori zer espezierena den jakin daiteke.
AZTI-Tecnalia

DNAren azterketa

Azterketa genetikoa da antxoa identifikatzeko metodorik aproposena. Izan ere, espezie bereko antxoak morfologikoki berdinak dira, eta, beraz, kanpoko itxura ez da nahikoa Kantauriko antxoak beste toki batzuetakoetatik bereizteko. Azti-Tecnaliako eta EHUko zientzialariek Europako hainbat kalatako antxoaren ( Engraulis encrasicolus ) 3.000 ale baino gehiago aztertu dituzte. Horien guztien genoma arakatu dute, jatorri bakoitzaren araberako bereizgarriak aurkitu arte. Ez dute, noski, genoma osoa arakatzen. Helburua antxoa-lata bateko edukia halako espeziekoa dela bermatzea denean, espezie batetik bestera desberdinak diren genomaren eskualde aldakorrak aztertzen dituzte; halaber, egonkorrak ere izan behar dute eskualde horiek, espezie baten barruko banako guztietan berdinak izan behar baitute. Ez dirudi lan erraza denik. Izan ere, espezie jakin bateko banakoek genomaren zati handi bat berdina dute —giza espeziean, adibidez, genomaren % 99,9 berdina da gizaki guztietan—. Nolanahi ere, ikertzaileek Europako Atlantikoko arkuan, Kantauriko itsasertzean eta Mediterraneoan harrapatutako antxoak guztiz bereiztea lortu dute.

DNAren analisi horri esker, arrainaren espeziea eta jatorri geografikoa zehaztu daiteke, arraina prozesatuta egonda ere. Datu hori garrantzitsua da, kontuan hartzen badugu 2010ean Espainian saldu zen erdi-kontserban gordetako antxoen % 83 beste arrantzagune batzuetatik zetorrela, Arrainen eta Itsaskien Kontserba Fabrikatzaileen Elkarte Nazioanlak (Anfaco) emandako datuen arabera. Horrenbestez, arrantza-produktu freskoen nahiz kontserban daudenen eta arrain-produktu eraldatuen kalitatea bermatzen laguntzen du analisi horrek. Halaber, identifikazio-metodo hori oinarrizko tresna da kontsumitzailea nahas dezaketen izen komertzialekin egiten diren iruzurrak hautemateko.

Antxoa harrapatzeko erabiltzen diren arrantza-teknikek itsas ingurumena eta gainerako espezieak errespetatzen dituzte.
Iturria: AZTI-Tecnalia

Elikagaien industrian behin baino gehiagotan eman da argitara halako saltokiak iruzur egin duela eta ez dela saltzen ari agintzen duen produktua. Batez ere prozesatuta saltzen dituzten elikagaietan gertatzen dira iruzur horiek: haragi xehatua dela, kontserba-latetan dagoen arraina edo patea dela, gaztak direla... Kasu horietan ez dago modurik begi hutsez jakiteko elikagai horiek zer animaliatatik datozen, eroslearen eskuetara iristerako galdu baitituzte ageriko bereizgarri guztiak. DNAren azterketa egitea da produktuaren jatorria bermatzeko ia aukera bakarra.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia