Aire-kutsaduraren eraginez antibiotiko gehiago erabiltzen da

Aire-kutsaduraren eraginez antibiotiko gehiago erabiltzen da


Aire-kutsatzaileekiko esposizioa antibiotiko gehiago erabiltzearekin lotuta dagoela erakutsi du Kataluniako hamaika hiri handienetan egindako ikerketa batek. Kutsadurak arnasbideak narritatzen ditu, eta infekzio baten antzeko sintomak eragiten ditu. JAMA Network aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Airearen kutsadura eta antibiotikoekiko erresistentzia dira, hain zuzen ere, osasun publikoaren erronka nagusietako bi mundu mailan. Eta ikerketa honek bien arteko lotura aztertu du. Zortzi urtez aztertu dituzte Kataluniako hamaika hiri populatuenetako airearen kutsaduraren eta antibiotikoen kontsumoaren eguneroko datuak. Eta ikusi dute PM10, PM2.5 eta NO2 kutsatzaileen kontzentrazioak igotzen direnean antibiotikoen preskripzioak ere gora egiten duela lehen mailako arretako zentroetan, esposizioaren egun berean. Eta PM2.5 partikulen kasuan, baita esposizioaren ondorengo 7 eta 10 egunen artean ere.

Ikertzaileen arabera, lotura hori izan liteke poluzioak arnasbideak narritatzen dituelako eta infekzio baten antzeko sintomak eragiten dituelako; eta, gainera, bigarren mailako infekzio bakterianoak ere gerta daitezke, immunitate-sistema partikula kutsatzaileen aurka borrokatzen ari den bitartean.

Lehenengo aldia da lotura hori frogatzen dutela, eta agerian uzten du airearen kalitatea hobetzeko neurriak hartzeko beharra.

Gai honi buruz gehiago: Aire garbiagoa, osasunaren mesedetan

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala, hainbat ikerketa-proiektutan parte hartuz. 2006ko azaroaz geroztik Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea eta erredaktore-burua da, eta Zientzia.net webgunearen arduraduna.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna