Ahanzturaren proteina
2002/08/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Suitzako Teknologia Institutu Federaleko ikertzaile Isabelle Mansuy-k eta taldekideek, ahaztearekin lotuta dagoen proteina bat, PP1 izenekoa, aztertu dute eta Nature aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak. Hain zuzen ere, ahazteko prozesuan, PP1 proteina ezinbestekoa dela jakin dute ikerketari esker. Gainera, ikerketa lagungarria da adinarekin memoria zergatik galtzen den ulertzeko.
Ikerketa egiteko, sagu batzuek genetikoki eraldatu dituzte PP1 proteinaren jarduera eteten duen molekula bat ekoitz dezaten. Ondoren, oroimen-ariketak egin dituzte sagu horiekin eta sagu arruntekin.
Saguek gauza jakin batzuk gogora zitzaten, kaxatan jartzen zituzten hiru gauzarekin batera 5 minutuz. Saio bat eta hurrengoaren artean 5 edo 15 minutuko tartea utzi zuten. Ariketa bukatutakoan, saguak gauza horien aurrean jarri zituzten, ea gogoratzen zituzten ikusteko. Saguak gauza ezezagunak aztertzera joaten dira, denbora gehiago pasatzen dute haiek usaintzen eta begiratzen ezagutzen dituztenekin baino. Orduan, ikertzaileek ikusi zuten sagu arruntek hobeto gogoratzen zituztela gauzak denbora-tarte luzea utzitakoan; PP1 proteina ez zutenek, berriz, berdin gogoratzen zituzten 5 minutuko tartea utzita ere. Horren arabera, denbora-tarte luzeagoarekin, garunak PP1 blokeatzeko denbora izaten duela eta gauzak memorian hobeto finkatzen direla ondorioztatu dute ikertzaileek.
Horretaz gain, ikertzaile-taldeak ikusi du adinarekin gertatzen den memoria-galera saihestu egiten dela PP1 inhibituz gero. Horretarako, sagu zahar batzuk (15-18 hilabetekoak) aztertu zituzten, ea zenbateraino gogoratzen zuten non zegoen ur azpiko plataforma bat. Emaitzak esanguratsuak izan ziren: sagu arruntek nahikoa zuten egun bat plataforma ahazteko; PP1 proteinaren jarduera blokeatuta zutenek, aldiz, 4 aste pasatuta ere gogoratzen zuten non zegoen plataforma. Nonbait, memorian gordetzeko prozesuan laguntzen duten proteinekin alderatuta, PP1 proteina ugaritu egiten da adinarekin, eta, bestetik, memoria-galera itzulgarria da PP1 inhibituz gero.
.
Zalantzarik gabe, memoriaren eta ahanzturaren prozesuak konplexuak dira, baina horiek ulertzeko bidean beste pauso bat eman da ikerketa horri esker.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia