Afrikak COVID-19aren bere txertoa egitea oztopatu nahi du farmazia-industriak
2022/02/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Duela gutxi, Hegoafrikako ikertzaileek iragarri zuten COVID-19aren kontrako Modernaren txertoaren kopia egitea lortu zutela. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) babesarekin egin dute, eta helburua da teknologia eta ezagutza eskuratzea, eta herrialde pobretuei transferitzea, txertoak lekuan leku ekoitzi ahal izateko. Azken helburua da teknologiaren eta ezagutzaren burujabetza izatea eta txertoak populazio osoari eman ahal izatea, atzerriko laborategien produktu eta prezioen menpeko izan gabe.
British Medical Journal (BMJ) medikuntza-aldizkari espezializatuak salatu duenez, baina, Biontech farmazia-konpainia (mRNA-txertoen ekoizlea) egitasmo hori oztopatu nahian dabil. Hain zuzen, Biotechek ordaindutako fundazio batek, Kenup fundazioak, adierazi du OMEren asmoek patenteen legea urratzen dutela. Aldi berean, Biotechek Afrikarako plan bat duela ere jakinarazi du: itsasoz kontainerrak bidaliko ditu, COVID-19aren txertoaren mRNA egiteko behar den teknologiarekin, eta Biotechen langileek egingo dute osagai hori. Gero, Afrikako laborategietan osatuko dute formulazio osoa.
BMJren arabera, hegoafrikarrek ez dituzte ondo hartu Kenup fundazioaren esanak. Batetik, baieztatu dute ez dutela patenteen legerik urratzen, eta Modernaren txertoa berregitea legala dela. Modernak, gainera, esan zuen ez zuela bere patentea indartuko, pandemiak iraun bitartean, eta OME dagoneeko ari da negoziatzen Modernarekin. Eta, bestetik, kontainer horiek bidaltzea paternalista eta beren helburuen aurkakoa iruditzen zaie.
OMEk babestutako egitasmo horretan Hegoafrikako bi laborategi daude: Afrigen eta Biovac. Berez, Modernaren txerto osoa (mRNA eta injektatzeko gainerako formulazioa) lortzea zen ikertzaile hegoafrikarren lehen pausoa. Orain, formulazio desberdinak probatu nahi dituzte, txerto merkeagoak eta hainbesteko hotza behar ez dutenak lortzeko, eta azaroan lehen saio klinikoak egitea aurreikusten dute. Haien esanean, urtean 500 milioi dosi ekoizteko ahalmena dute, eta ahalmen hori askoz ere handiagoa izan daiteke, kontinenteko beste laborategi batzuek ere baldin badituzte horretarako behar diren teknologia eta ezagutza.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia