}

Adio foku biko betaurrekoei

2006/04/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Arizonako Unibertsitatean garatu dituzte argazkian ageri diren betaurreko horiek. Ez, ez dira oso politak, baina bai berritzaileak. Izan ere, ikertzaileek ez dute ahalegin handia egin estetikan eta diseinuan, baizik eta optikan. Hain zuzen, kristal berri bat sortzen saiatu dira, foku biko betaurrekoak ordezkatzeko.

Eta hori da emaitza: fokua aldatzeko gai diren kristal likido elektronikoak. Adinean aurrera egin ahala, begiaren kanpoko geruzak malgutasuna galtzen du; ondorioz, urrutiko objektuetatik hurbilekoetara fokua aldatzea zaila izaten da. Hori konpontzeko erabiltzen ditu jendeak foku biko betaurrekoak, batez ere adin batetik aurrera.

Kristal berriak, berriz, fokua egokitzeko ahalmena du. Hori lortzeko, kristal arrunteko bi geruzaren artean, kristal likidozko bat dauka. Erdiko geruza horrek, bestalde, elektrodo ñimiño gardenak ditu zirkulu zentrokideetan, eta horiek dute kristalaren ezaugarri optikoak kontrolatzeko ardura.

Fokua aldatzeko segundo bat baino gutxiago behar du, eta tentsio txikian egiten du lan. Gainera, tentsioa kenduz gero, fokua aldatzeko gaitasuna galtzen du; horri esker, autoa gidatzeko balio dute kristal hori duten betaurrekoek.

Lehen ere saiatu izan dira antzeko kristalak egiten, baina oraingoan emaitza oso onak lortu dituzte, bai simulazioetan bai jendearekin egindako probetan. Hala adierazi dute ikertzaileek. Dena den, bistan da merkatura atera aurretik aldaketatxo batzuk egin behar dituztela.