}

Adimen-kozientea neurtzeko software berria

2001/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bartzelonako Informatika Fakultatean, garuneko paralisia duten gaixoen adimen-kozientea zuzen eta akatsik gabe neurtzeko gai den programa berri bat asmatu dute. Horrelako gaixoek motrizitate-arazoak izaten dituzte eta, gainera, asko ez dira hitz egiteko gai izaten. Horregatik, ezin izaten dituzte ebaluazio-proba guztiak egin eta beren gaitasunetik beherako emaitzak lortzen dituzte. Software berriarekin, ordea, gaixoak gai izango dira orain arte egin ezin zituzten hainbat ekintza egiteko. Hartara, probetan emaitza hobeak emateaz aparte, beren autonomia eta bizi-kalitatea hobetu egingo da nabarmen.

CITest programak hiru osagai nagusi ditu: Pilot izeneko teklatu birtuala, probak egiteko metodo berria eta test psikometriko informatikoa. Pilot teklatua era askotara erabil daiteke (eskuekin, hankekin, etengailu automatikoarekin); beraz, gaixo bakoitzak bere paralisi-mailarako egokia den bidea hauta dezake. Probak egiteko, bestalde, test estandarrak erabili beharrean gaixo bakoitzari egokitutako testak egitea ahalbidetzen du; horren helburua gaixoaren garapen globala lortzea da. Test psikometrikoak, azkenik, gaixoen adimen-kozientearen zati manipulagarria zuzen baloratzeko balio du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia