Adimen artifizialak gizakiek bezala hitz egiten ikasten du
2001/03/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Hal izeneko programa informatiko hori Israelgo adimen artifizialeko enpresa batek (Ai) garatu du eta, diotenez, adituei iruzur egiteko gai izan da, helduei haur batekin hizketan ari zirela sinestarazi baitie. Laster, programarekin era naturalean hitz egin ahal izango da eta, bide batez, teklatuak baztertu.
Ai-ko zuzendariaren arabera, Hal programak sintaxi malgua edo esanahi nahasgarria duten esaldiak eta aginduak ulertu eta betetzeko gaitasuna izango du, baita txantxak antzematekoa ere.
Hizkuntza naturalaren prozesuan oinarritutako datu-base tradizionalek teknika estatistikoak erabiltzen dituzte hitz-zerrenda luzeak arau gramatikalekin lotzeko. Hal-ek, ordea, lengoaia gizakien modura ikasiko luke. Ikaste-algoritmo sorta batez hornitua, "zaintzaile" batek lengoaia irakasten dio, haur-ipuinak idatziz eta ahoskatze-arazoei guraso batek bezala erantzunez. Gainera, programa hain da txikia, ordenagailu eramangarri batetan ezar daitekeela. Hasieran, umeek bezala, hitz soil eta xaloez erantzungo badu ere, haiek hizkuntzaren oinarriak ikasteko urteak behar dituzte eta Hal-ek, aldiz, egun gutxitan ikasten du.
Zaintzaileak, irakaskuntza-saioen ondoren, Hal-en algoritmo berriei erantzuteko gaitasuna aztertzen du. Horren ondoren, ikasi beharreko hurrengo algoritmoak zein izan behar duten erabaki eta gehitzen dizkio, eta beraz, prozesuak aurrera egiten du. Ordenagailuarekin hitz egiten ari dena pertsona batekin edo makina batekin ari den nabaritzeko gauza ez izatea da helburua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia