ADE-Biotec enpresak minda arazteko lehenengo instalazioa ireki du Errenterian
2004/12/09 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia
Hondakin horiek tratatzeko instalazioak Gipuzkoan, Euskal Herrian eta gainerako autonomietan jarri nahi ditu martxan ADE Biotec -ek. Berriki, Errenteriako (Egiluze) txerritegi batean jarri du minda arazteko lehen instalazio industriala .
Minda, simaurraren eta hondakin-uren nahasketa likidoa, gaur egungo abeltzantzaren arazo nagusietako bat da, bai ingurumenaren ikuspuntutik, bai ikuspuntu ekonomikotik. Gehiegi erabiltzeak inguruko gainazala nahiz lur azpiko urak nabarmen kutsatzea dakar, eta minda kudeatzeak denbora eta eskulan ugari eskatzen du.
Arazo horren oinarrian nekazaritzaren intentsifikazioa dago: abere esplotazioek gero eta buru gehiago dituzte. Horren ondorioz, gero eta hondakin gehiago ere bai; baina hondakin horiek ongarri moduan egoki erabiltzeko behar den lur-azalera ez da handitzen.
Minda arazteko teknologia berria elektroflotazioan oinarritzen da, eta minda burdinazko plaka artean pasatzean datza; plaka batetik bestera tentsio baxuko korronte elektrikoa igarotzen da. Bi fenomeno nagusi gertatzen dira, horrela, elektrizitatearen eraginez.
Alde batetik, burdin plaketatik burdina (Fe2+) disolbatzen da; ondorioz, mindaren baitan dagoen gai organikoa koagulatu eta malutatu egiten da. Hala, gai organikoak uretik erraz banatzen den bolatxo-multzo baten itxura hartzen du.Bestalde, hidrogeno-burbuilak sortzen dira; hala, gai organikozko bolatxo horiek flotatu egiten dute eta erraz kentzen dira. Horrenbestez, uretan oxidatzen diren osagaiek kontsumitzen duten oxigeno-kantitatearen, fosforoaren eta nitrogenoaren % 80 baino gehiago kentzen da mindatik.
Teknologia honek beste abantaila batzuk ere baditu: kostu baxua, erreaktibo kimikorik behar ez izatea, eskala-mugarik ez izatea eta automatizazio erraza.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia