}

Abian da 2024ko Elhuyar Zientzia Azoka

2023/10/27 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea zabalik da, jada.

abian-da-2024ko-elhuyar-zientzia-azoka

2024an, Bilboko azokaz gain, Nafarroako, Gipuzkoako eta Lapurdiko azokak ere egingo dira. Nafarroakoa Iruñean izango da; Gipuzkoakoa, Usurbilen; eta Lapurdikoak, Kanbon eta Ziburun.

Elhuyar Zientzia Azoka 12-18 urte bitarteko gazteek garatutako zientzia-proiektuen ekimen bat da, ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera ematen duena, eta Euskal Herriko ikastetxe guztietako DBHko eta Batxilergoko gazteek parte har dezakete. Euskararen erabilera sustatzeko proiektua ere bada Elhuyar Zientzia Azoka.

Gazteei laguntzeko eta STEM mundu profesionalaren gertuko erreferentziak izan ditzaten, Euskal Zientzia eta Teknologia sareko ikertzaile-talde zabal bat bildu du Elhuyarrek, gazteen aholkulari izan daitezen. Izan ere, 200 ikertzailek baino gehiagok ematen dute izena urtero —% 56 inguru dira emakumeak— gazteen aholkulari izateko, eta epea zabalik dago oraindik.

Ikasleak berek erabakitako gaien inguruan arituko dira talde-lanean: galdetzen, ikertzen, diseinatzen, eraikitzen, partekatzen eta esperientzia berriak bizitzen. Benetako profesionalak ezagutuko dituzte, haiekin abenturak eta bizipenak partekatuko dituzte, eta haien laguntza izango dute beren proiektuak garatzeko.

Lanaren emaitza euskarazko STEAM proiektu bat izango da, eta maiatzean ezagutu ahal izango dira proiektu horiek aurrez aurre, hilaren 22tik 25era egingo den Elhuyar Zientzia Azokaren ekitaldi nagusian (Bilboko Areatzako kaian).

 

Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdiko azokak

Bilbon ez ezik, tokian tokian ere aurkeztu ahal izango dituzte proiektuak gazteek. Elhuyarrek Zientzia Azoken sarea sortzea du helburu, eta hau da 2024ko egutegia:

  • Kanbo, martxoak 23: Xalbador kolegioko gazteak.
  • Ziburu, martxoak 26: Piarres Larzabal kolegioko gazteak.
  • Iruñea, apirilak 27: Nafarroako ikastetxeetako gazteak. Iruñeko Planetarioaren lankidetzarekin.
  • Usurbil, maiatzak 4: Gipuzkoako ikastetxeetako gazteak. Usurbilgo Udalaren lankidetzarekin.
  • Bilbo, maiatzaren 22tik 25era: Euskal Herri osoko ikastetxeetako gazteak. Bilboko Udalaren lankidetzarekin.

 Elhuyar Zientzia Azokaren inguruan jakin beharreko xehetasunak, parte hartzeko baldintzak Elhuyar Zientzia Azokaren webgunean daude. Eta hauxe izena emateko formularioa.

 

Elhuyar Zientzia Azokaren laguntzaileak: Eusko Jaurlaritza, Euroeskualdea, FECYT (Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa), Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Nafarroako Gobernua, Usurbilgo Udala, TELECO Renta proiektua (EHU da parte-hartzaileetako bat) eta Erabi.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia