Abere klonatuak, platerean
2008/02/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Ondorio horretara heltzeko, denbora luzez aritu dira ikertzen. Estatu Batuetako elikagaien eta sendagaien segurtasunerako erakundeak, FDAk, iaz eman zuen epaia, baina, horren aurretik, lau urte eman zituen behi, ardi eta ahuntz klonatuen haragia, esnea eta haiekin egindako produktuak aztertzen. Hala ere, halako abereak hazten dituzten konpainiei eskatu zien artean ez merkaturatzeko produktu haiek. Nonbait, kontsumitzaileek aurkako jarrera izango zutela aurreikusten zuten, eta, gainera, proba gehiago egin nahi zituzten.
Ordutik hona, beraz, azterketekin jarraitu dute, eta, duela gutxi, joan den urteko epaia berretsi dute. Alegia, pertsonei ez diela inongo kalterik eragiten ondorioztatu dute. Eta gauza berbera esan du EFSAk ere, Europan elikagaien segurtasunaz arduratzen den erakundeak.
Dena den, EFSAren adierazpena ez da behin betikoa. Joan den abenduan argitaratu zuen txostena, eta, otsailaren 25a arte, nahi duenak iritzia emateko aukera du. Jasotako iritziak eta bitartean egindako ikerketen emaitzak aintzat hartuta, apirila edo maiatza aldean argitaratuko dute behin betiko txostena.
EFSAren txostenean, abelgorrien eta txerrien klonak ikertu dituztela aipatzen dute, eta baita haien ondorengoak ere. Bereziki, alderdi hauek aztertu dituzte: haragiaren eta esnearen osagaiak eta nutrizio-ezaugarriak, osagai berriak egoteko aukera, aberearen osasun-egoera, alergia sortzeko arriskua eta datu mikrobiologikoak.
Emaitzen arabera, klonen eta haien ondorengoen haragia eta esnea ez dira bereizten abere arruntenenetik. Bestalde, osasun-arazoak dituzten klonak elikagaien katetik baztertzen dituzte, beste abereekin gertatzen den bezala; beraz, ez dute aparteko arazorik sortzen. Alergien sorreran eta toxikotasunean ere, ez dira besteak baino arriskutsuagoak.
Abere klonatuek biodibertsitatean sor dezaketen eragina ere aztertu dutela azaltzen da EFSAren txostenean. Izan ere, klonek beste abere baten informazio genetiko bera dute, eta, klon asko sortzen badira, populazioa gero eta homogeneoagoa bilakatzen da. Horren ondorioz, areagotu egiten da infekzioak eta osasun-arazoak izateko arriskua. Hala eta guztiz ere, txostenean azaltzen dutenez, alderdi horretatik klonazioa ez da lagundutako ugalketan erabiltzen diren beste teknikak baino kaltegarriagoa.
Bestelako iritziak
Alabaina, denak ez datoz bat txostenean azaldutakoarekin. Oraingoz, badirudi kontsumitzaileek ez dutela begi onez ikusten halako janariak merkaturatzeko aukera. Europan, herrialde batean bakarrik egin dute horri buruzko inkesta, Italian, eta hiritarren erdia baino gehiago aurka agertu da.
Hiritarrak ez ezik, etikan aditu direnek ere zalantzak dituzte. Urtarrilean, EGEk, zientziaren eta teknologia berrien etikaz arduratzen den taldeak, gaiari buruzko iritzia eman zuen. EGEren ustez, animalia klonatuek pairatzen duten oinazea eta dituzten osasun-arazoak kontuan hartuta, ez da etikoa abereak klonatzea eta haiek haztea gizakientzat elikagaiak egiteko.
Izan ere, klonazioz sortutako animaliek besteek baino askoz osasun-arazo gehiago izaten dituzte. EFSAk argitaratutako txostenean bertan onartzen dute ohi baino abortu gehiago izaten dituztela umetokian abere klonatuak ezartzen zaizkien behiek eta txerramek. Gainera, jaiotzen diren kumeetatik askok garuneko edema eta bestelako anomaliak izaten dituzte. Bestetik, klonak ohi baino handiagoak izaten dira; hortaz, askotan zesarea egin behar izaten da, eta hori ere arriskutsua da, batez ere, amarentzat.
Hori guztia jakinda, EGEkoei ez zaie iruditzen arrazoirik dagoenik jateko abereak klonatzeko. Hori bai, egunen batean merkaturako balira, etiketan klonak direla garbi azaltzeko eskatzen dute. Horrez gain, biodibertsitateaz gehiago arduratzeko galdegin diote Europako Batasunari. Eta azterketa eta iritzi-bilketa gehiago egitea ere eskatu diote. Eskaera hori laster beteko da, Europako Batasuneko Eurobarometroa dagoeneko ari baita gaiari buruzko galdeketa bat prestatzen.
Adituek klonen haragia eta esnea besteena bezalakoxeak direla ziurtatu arren, askok uste dute ez dutela arrakastarik izango merkatuan. Osasuna eta segurtasuna alde batera utzita, beste faktore batzuek ere eragiten dute salmentetan; horien artean, prezioa da garrantzitsuenetako bat. Hain zuzen ere, klonazioa teknika garestia da, eta klonatutako abere gutxik egiten dute aurrera. Horrek are gehiago garestitzen ditu haiekin egindako produktuak.
Dena dela, abere klonatuak hazten dituzten enpresek interes handia dute haien produktuak merkaturatzeko baimena izateko. Adibidez, Estatu Batuetako enpresa batzuek onartu dute zezen klonatuen hazia saldu dutela, baina, nolabait, orain legez kanpo dago jarduera hori, inon ez baitago baimenduta (ezta debekatuta ere). Horregatik, lehenbailehen legea ateratzeko eskatzen dute.
Kontsumitzaileentzat ere mesedegarria da arau garbiak egotea, eta janari guztia kontrolpean eta ondo etiketatuta merkaturatzea. Hortik aurrera, norberaren esku egongo da erosi edo ez.
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia