8. Kontuz falaziekin
2020/11/12 Elhuyar Zientzia
Falazia bat, arrazoibide baliogabea edo engainagarria da, itxura zuzena eta sinesgarria duena. Falaziaren alderdirik txarrena da batzuetan identifikatzen zaila izaten dela. Falazia ugari daude, eta kontuz ibili behar da haiekin. Hurrengo lerroetan, askotan erabiltzen diren falazia batzuk aurkezten dira:
Argumentum ad ignoratiam:
Argumentum ad ignoratiam deritzon falaziak onartzen du ezen zerbaiten kontrako ebidentziak ez ezagutzea aldeko ebidentzia bat dela. Beste modu batera esanda, informazio bat defendatzen saiatzen da kontrakoa frogatzen duen ebidentziarik ez dagoela argudiatuz.
Falazia hori erabiltzean, beraz, argudioak ez dira ezagutzan oinarritzen, ezagutza faltan baizik; hau da, ezjakintasunean. Adibidez: “Inork ez du frogatu beste planeta batzuetan bizia dagoenik; beraz, ez dago”, “Mamuak existitzen dira, inork ez baitu frogatu ez direla existitzen”, “Inork ezin du frogatu astroek ez dutela eraginik gure bizitzan; beraz, astrologiaren iragarpenak egiazkoak dira” eta abar.
Argumento ad verecundiam:
Askotan gertatzen da pertsona batek informazio jakin bat zabaltzea, egia izan ala ez, bere ospea edo boterea baliatuta. Hala, gerta daiteke norbait bere ospeaz edo autoritateaz baliatzea gai bati buruzko (polemikoa normalean) iritzi pertsonalak zabaltzeko eta benetako informazioa zapuzteko (interes jakin batengatik ala ez).
Autoritate politikoa, ekonomikoa edo kulturala duen norbaitek bere esparruarekin zerikusirik ez duen zerbaiti buruz hitz egiten edo iritzia ematen duenean, errazagoa da esaten duenaren sinesgarritasuna zalantzan jartzea; baina, zer gertatzen da autoritatea zientifikoa denean? Bermatuta dago esaten duenaren sinesgarritasuna? Ez beti, eta informazioaren sinesgarritasuna bermatzeko, oso garrantzitsua da jakitea zer iritzi duen komunitate zientifikoak adituak esandakoaz.
Kontuz, beraz, nolabaiteko ospea edo autoritatea duen norbaitek ematen duen informazioarekin. Izan ere, pertsona baten ospeak edo autoritateak ez du bihurtzen erabateko egiaren jabe.
Aurreko paragrafoetan azaldutakoa falazia-mota batekin erlazionatu daiteke, Argumento ad verecundiam izenaz ezagutzen denarekin, hain zuzen: informazio baten sinesgarritasuna defendatzeko, gai horretan jakituna den (edo nolabaiteko autoritatea duen) norbait aipatzea esan nahi du, bestelako arrazoirik eman gabe. Adibidez: “Arrazoia du berak; biologia ikasi zuen, eta asko daki horri buruz”. Pertsona horrek arrazoia izan dezake esaten duen horretan, baina ez biologia ikasi zuelako.
Argumentum ex populo:
Informazio bat irakurtzean jendea bat badator hor esaten denarekin, like asko jasotzen ditu, baina horrek ez du egia bihurtzen. Hori oso lotuta dago argumentum ex populo deritzon beste falazia batekin. Ex populo argumentuak diskurtso populistetan, politikan, komunikabideetan eta eguneroko eztabaidetan erabiltzen dira, eta horrelako esaldiak erabiltzen ditu: “Eta ez dut nik esaten, mundu guztiak esaten du”, “Jende gehienak nire iritzi bera du”, “Mundu guztiak daki hori horrela dela”, eta abar.
Falazia hori logikaren erabilera desegokian oinarritzen da, gauzak ez baitira inoiz egiazkoak norbaitek ezagutzen dituelako (edo mundu guztiak ezagutzen dituelako), baizik eta frogatutako ebidentziekin bat datozelako. Beraz, kontuz Like asko dituzten edo trending topic bihurtzen diren informazioekin, jarraitzaile-kopuruak ez baitu haien sinesgarritasuna bermatzen.
Cum hoc ergo propter hoc:
Argudioak, parametro neurgarrien datuekin osatzen direnean, sinesgarriagoak dira, baina datu horiek ere sinesgarriak izan behar dute; beraz, edozein baieztapen argudiatzeko erabiltzen diren datuak ere zuzenak direla egiaztatu behar da. Zientzian datuek ez dute ezertarako balio estatistikarik gabe, eta, onargarriak izateko, baldintza minimo batzuk bete behar dituzte.
Korrelazioa da argudio bat ematerakoan kontu handiz erabili behar den kontzeptu estatistiko bat, korrelazioak ez baitu beti kausalitatea esan nahi. Kausalitatea fenomeno baten kausari eta efektuari dagokio, non zerbaitek beste zerbaiten aldaketa eragiten baitu zuzenean. Korrelazioa, berriz, bi aldagairen edo gehiagoren artean egindako konparazioa edo deskribapena da. Beraz, korrelazioak ez du beti kausalitatea esan nahi, hau da, bi fenomeno aldi berean gertatzeak ez du esan nahi batek bestea sortu duenik.
Honekin lotuta badago beste falazia bat, Cum hoc ergo propter hoc izenarekin ezagutzen dena eta horixe dio, hain zuzen: batera gertatzen diren bi gertaera ditugunean, bata bestearen kausa dela.
Adibidez, aztertu dezagun hurrengo argudioa: Droga kontsumitzaile askok arazo psikiatrikoak dituzte, eta arazo psikiatrikoak dituzten askok droga kontsumitzen dute. Beraz, droga kontsumitzeak arazo psikiatrikoak sortzen ditu. Ondorioa egia izan daitekeen arren, argumentua faltsua da, drogaren kontsumoaren eta arazo psikiatrikoen arteko korrelazioak ezin baitu bermatu kausa-efektu erlazioa. Droga kontsumitzeak arazo psikiatrikoak sor ditzake, baina gerta liteke arazo psikiatrikoek drogaren kontsumoa eragitea ere; edo biak hirugarren batek eragindakoak izatea; edo, bi gertaeren artean erlaziorik ez egotea eta kasualitate hutsa izatea.
Bi gertaera aldi berean gertatzen direnean, tentagarria izan daiteke batak bestea eragiten duela onartzea, baina, korrelazio estatistikoaz gain, informazio gehiago behar da gertaera baten eta bestearen artean kausazko erlazioa dagoela behar bezala ondorioztatzeko.
Argumentum ad hominem:
Argumentum ad hominem izenarekin ezagutzen den falazia erabiltzen duenak ez ditu aurkezten arrazoi egokiak; horren ordez, baieztapen bat aldezten duen pertsona gaitzesten du, edo pertsona hori bere ezaugarri edo ideiengatik erasotzen du, eta baieztapenaren sinesgarritasuna ezeztatzen saiatzen da.
Telebistan ikus daitezkeen eztabaida politiko asko horren erakusgarri dira: arrazoiak oihuka eta besteen argudioak gutxietsiz ezarri nahi dituzten tertuliakideek ad hominem argudioa erabiltzen dute askotan aurkako alderdiaren iritziei aurre egiteko, norberaren argudioei inolako kritikarik egin gabe, objektibotasunik gabe, eta iritzi guztiak hizlarien joera ideologikoak markatuta.
PPko Celia Villalobos diputatuak, adibidez, Podemoseko diputatuei eta haien itxurari buruz hitz egin zuen, ordura arte Diputatuen Kongresuan ohikoa zen traje eta gorbataz osatutako jantziaz aldentzen zirelako. Hain zuzen ere, hau esan zuen Alberto Rodríguez Rodríguez diputatuari buruz: “niri berdin dit rastak eramatea, baina garbiak eraman ditzala, niri zorriak ez kutsatzeko”. Telebistan egindako adierazpen horiekin, Villalobosek, Podemoseko diputatuaren iritziak argudioekin kritikatu beharrean, itxura mespretxatuz saiatu zen haren ideiak zapuzten.
Baina, horrelakoak ez dira bakarrik telebistan ikusten. Gure egunerokoan ere ohikoa da, adibidez, mugimendu feministaren kontrako arrazoiak ematerakoan “feminazi” hitza erabiltzea. Horrela, feministen aldarrikapen eta iritziei kontra egiteko arrazoiak errespetuz adierazi ordez, eraso egiten da haren alde dauden pertsonak gaitzesten saiatuz. Hau da, feminista bat nazi batekin parekatzen da, gizabanakoa (feminista) eta mugimendua (feminismoa) difamatzen saiatuz.
Pentsalari kritiko batek, jakin behar du informazio baten inguruan besteek dituzten argudioak entzuten eta analizatzen, eta bere iritziak ebidentzietan oinarritutako argudioak emanez defendatzen. Besteen argudioetan falaziak identifikatzen saiatuko da eta falaziak erabiltzea saihestuko du bere ideiak defendatzeko erabiliko dituen argudioetan.
Dokumentua deskargatzeko sakatu hemen.
Esteka interesgarria: https://falacias.escepticos.es/