}

Mitokondrioetan 50 ºC-ko tenperatura neurtu dute

2017/05/10 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

50ko-tenperatura-guneak-aurkitu-dituzte-gure-gorpu
Arg. Wikimedia

Gure gorputzeko tenperatura 37 ºC ingurukoa den arren, gure zelulen barruko organulu batzuetan oso tenperatura altuak egoten direla ikusi dute: 50 ºC neurtu dituzte mitokondrioetan.

Zelularen zentral energetiko gisa jokatzen dute mitokondrioek: mantenugaiak oxidatzen dituzte energia lortzeko (ATPa). Ikertzaileen ustez, prozesu horrek sortzen duen beroak bermatzen du organismo osoaren barne-tenperatura egonkorra odol beroko espezieetan.

Orain arte ez da izan mitokondrioen barruko tenperatura neurtzeko modurik. Azken urte honetan, baina, tenperaturaren araberako fluoreszentzia ematen duten tindatzaileak garatu dituzte zenbait ikertzailek, eta haiei esker egin da aurkikuntza berria.

Zientzialariek azpimarratu dute orain mitokondrioiei buruzko literatura zientifikoa berraztertu beharko dela, orain arte tenperatura fisiologikoan ikertu baitira haien propietateak. Mitokondrioetan ATPa lortzeko prozesuan, oinarrizkoak dira haien barne-mintzak, eta, mintzen ezaugarriak tenperaturarekiko oso aldakorrak direla jakinik, mitokondrioetako mintzen ezaugarri fisiko, kimiko eta elektrikoak berraztertu beharko dira.

Bestetik, ikertzaileen arabera, litekeena da odol hotzeko animalietan eta landareetan mitokondrioak askoz ere tenperatura baxuagoetan aritzea, baina hori ere ikertu beharko dela aipatu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia