}

50 urte dituen ordenagailua

2000/01/01 Waliño, Josu - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Duela gutxi aurkitu dute, biltegi batean ahaztuta, Australian garatutako lehen ordenagailua. CSIRAC izeneko 2.000 kiloko munstroa, ordenagailuen dinosaurutzat har daiteke.

Zortzi urte baino gehiago eman zituzten CSIRAC ordenagailua garatzen; munduko zortzigarren ordenagailu elektronikoa izan zen. Garai hartatik geratzen den ordenagailu bakarra da, bere belaunaldiko guztiak aspaldi desegin baitzituzten.

CSIRAC ordenagailua 1947an diseinatu zuen Trevor Pearcey injineruak. 2.000 kiloko pisua du, 40 metro karratuko tokia hartzen du eta dial, palanka eta adierazlez betetako zuloz josita dago. Funtzionatzen zuen garaian 30 kW-eko potentzia eta 1 kb-eko memoria zuen. Kalkuluak egiteko erabili zen batez ere: datuak pertsona batek kalkulagailu batekin egingo zuena baino 1.000 aldiz azkarrago prozesatzen zituen.

Gaur egun bi injineru ari dira ordenagailua berriz martxan jarri nahian, datorren urtean Melbournen zabalduko den museo batean erakusgai ipini nahi baitute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia