2020an, giza jatorriko material artifizialek planetako biomasa osoa gaindituko dute
2020/12/10 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nature aldizkariak argitaratutako ikerketa baten arabera, historian marka egingo duen urtea da 2020. Lehenengo aldiz, gizakiok sortutako eraikin, errepide, plastiko eta makinek planetan dauden bizidun guztien biomasa gaindituko dute.
Bi dira arrazoi nagusiak: masa antropogenikoa hogei urtetik behin bikoizten ari dela XX. mendearen hasieratik, ekoizpena etengabe handitu eta giza jatorriko material artifizialak pilatzen ari baikara; eta, lehenengo nekazal-iraultzatik, landareen biomasa erdira murriztu dugula. 2 teratona (2.000.000.000.000 tona) izatetik teratona bakarra izatera pasa da, nekazaritza eta deforestazioaren ondorioz.
1.900 urtean, gizakiak sortutako objektuek biomasa osoaren % 3 pisatzen zuten; gaur egun, ordea, 1,1 teratona. Gainditutzat eman daiteke, beraz, landareek eta bizidun guztiek planetan duten masa osoa.
Ikerketaren egile Ron Milo israeldarrak adierazi duenez, munduaren handitasunaren aurrean gizakiak dituen muga kognitiboak ikusita, ezinbestekoa da bizitzaren eta materia artifizialaren orekaren neurri zehatza eta objektiboa ematea. Gizadiaren metabolismo sozioekonomikoa Antropozenoaren neurri kualitatiboa eta sinbolikoa dela dio. Izan ere, urtero, 30 gigatona (30.000.000.000 tona) sortzen ditugula kalkulatu du. Batazbestekoa eginda, planetako pertsona bakoitzak astero bere pisua adina masa artifizial sortzen du. Hori bai, oso modu desorekatuan banatzen da horren ardura, herrialde batetik bestera. Joerak hala jarraituz gero, hogei urtean masa artifizialak 3 teratonak gaindituko ditu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia