}

2008ko Nobel sariak

2008/11/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia | Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia | Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nobel Fundazioak saritzen dituen zientzialariek merezimendu osoz jasotzen dute ohore hori. Horretan, gutxik dute zalantza. Aurten, baina, zalaparta handia sortu da Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saridunen izenak jakinarazi dituztenean. Ez jasoko dutenek merezi ez dutelako, baizik eta, batzuen ustez, beste norbaitek ere merezi duelako.
Zalaparta Nobel sarietan
2008/11/01 | Galarraga Aiestaran, Ana; Kortabitarte Egiguren, Irati; Etxebeste Aduriz, Egoitz | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: San Diego Unibertsitatea)
Hiru ikertzaileri emango diote saria medikuntzaren arloan. Sariaren erdia Harald zur Hausen alemaniarrak jasoko du, giza papilomabirusa identifikatzeagatik eta umetoki-lepoko minbiziaren eragile dela frogatzeagatik. Beste erdia, berriz, Françoise Barré-Sinoussi eta Luc Montaigner ikertzaile frantziarrentzat da, erdibana, giza immunoeskasiaren birusa (GIB) identifikatzeagatik.

Eta Robert Gallo estatubatuarra ez dute saritu. Askok, ordea, GIBaren aurkitzailetzat dute, Montaignerrekin batera; horrenbestez, ez zaie bidezkoa iruditzen Nobel Fundazioak ez ematea hari ere saria. Montaignerrek berak, Nobela irabazi zuela jakinarazi ziotenean, harrituta zegoela esan zuen. Science aldizkaria adierazi zuenez, "pena" hartu zuen Robert Gallorengatik.

Adierazpen horiek bestelakoa pentsarazten badute ere, bi gizonezko horiek urteak igaro dituzte bata bestearen aurka, GIBaren lehen aurkitzailea nor izan zen eztabaidatzen. Eztabaidaren atzean, dirua ere bazegoen: hiesa diagnostikatzeko testaren patenteak ematen zituen irabaziak, hain zuen ere.

Azkenean, 1987an, Ronald Reaganek eta Jacques Chiracek eztabaida baretu zuten, adieraziz birusaren aurkitzaileak biak izan zirela, neurri berean, eta patentearen irabaziak bi herrialdeen artean banatuko zituztela, erdibana. Eta 2002an bi ikertzaileek saiakera bat idatzi zuten Science aldizkarian; han idatzi zutenez, birusa aurkitzeko bien lana ezinbestekoa izan zen.

Alabaina, Nobel Fundazioak, saria nori eman erabakitzeko, birusaren aurkintzari buruzko lehen artikulua nork argitaratu zuen hartu du aintzat, eta hor ez dago zalantzarik: bi ikertzailek sinatzen zuten lehen artikulua, bata Luc Montaigner da, eta, bestea, orain arte ezkutuan egon den emakumezko bat. Françoise Barré-Sinoussi du izena, eta, laster, Montaignerrekin batera jasoko du saria. Merezimendu osoz.

Harald zur Hausen (ezkerrean) Alemaniarra. 1936an jaioa. Düsseldorf-eko Unibertsitatean egin zen doktore, eta gaur egun Alemaniako Minbiziaren Ikerketa Zentroko zientzia-zuzendaria da. Françoise Barré-Sinoussi (erdian). Frantziarra. 1947an jaio zen, eta Birologian doktore egin zen, Pasteur Institutuan. Gaur egun, institutu bereko Infekzio Erretrobiralen Erregulazioaren Unitateko zuzendari da. Luc Montaigner (eskuinean) Frantziarra. 1932an jaioa, birologian doktoratu zen Parisko Unibertsitatean. GIBaren aurkikuntza Pasteur Institutuan egin zuen, eta, orain, Hiesa Ikertzeko eta Prebenitzeko Munduko Fundazioaren zuzendari da.
(Argazkia: Alemaniako Minbiziaren Ikerketa Zentroa; © Pasteur Institutua)

Fisiologia edo Medikuntzako Nobela, giza papilomabirusa eta hiesarena aurkitzeagatik

Harald zur Hausen, eta Françoise Barré-Sinoussi eta Luc Montaigner

Lehenengoari, "umetoki-lepoko minbiziaren eragile diren giza papilomabirus-motak aurkitzeagatik", eta beste biei "giza immunoeskasiaren birusa aurkitzeagatik"

Fisiologia edo Medikuntzako Nobela bi gaixotasun larriren eragileak identifikatu zituztenei emango diete, erdibana. Erdia Harald zur Hausen ikertzailearentzat da, giza papilomabirusa identifikatzeagatik eta umetoki-lepoko minbiziaren eragile dela frogatzeagatik. Beste erdia, berriz, erdibana hori ere, Françoise Barré-Sinoussi eta Luc Montaigner ikertzaileentzat da, giza immunoeskasiaren birusa (GIB) identifikatzeagatik.

Giza papilomabirusa, umetoki-minbiziaren eragilea

Giza papilomabirusa, ezkerrean, eta GIB-partikulak, berdez, linfozito batetik ateratzen.
Tumore-birusen Biologia Lab.; CDC
1970eko hamarkadan, garai hartako medikuntzan zegoen uste nagusiaren aurka egin zuen Harald zur Hausenek, umetoki-lepoko minbizia birus batek eragiten zuela proposatuta.

Lanean urteak eman ondoren, umetoki-lepoko minbizi-zeluletan giza papilomabirusa identifikatzea lortu zuen, eta hainbat mota zeudela konturatu zen: batzuek minbizia eragiten dute, eta beste batzuek ez. Batzuk eta besteak bereizi zituen, eta lehenengoei minbizia sortzeko gaitasuna zerk ematen dien ere frogatu zuen.

Hausenek egindako lanari esker, asko aurreratu da umetoki-lepoko minbiziaren detekzioan eta prebentzioan; esaterako, gaur egun, dagoeneko badaude bi mota gaiztoenenetatik (16 eta 18 genotipoak) babesten duten txertoak.

GIBa, hiesaren eragilea

1981ean, gaixotasun berri bat deskribatu zuten Estatu Batuetan. Hiesa deitu zioten, eta hainbat ezaugarrirengatik (gaixo-taldeak, linfozitoen galera, odol bidezko transmisioa) eragileak erretrobirus bat izan behar zuela susmatzen zuten, eta haren bila jarri ziren ikertzaile-talde batzuk.

1983an Barré-Sinoussi eta Montaigner gaixoei erauzitako linfozitoak aztertzen hasi ziren, kulturak egin zituzten, eta erretrobirusaren aztarnak bilatu zituzten. Kulturetan hazitako linfozitoek alderantzizko transkriptasa zutela ikusi zuten, erretrobirusek ugaltzeko erabiltzen duten entzima bat. Gainera, kulturetako linfozitoek linfozito osasuntsuak kutsatzen zituzten birus-partikulak askatzen zituztela frogatu zuten. Birus hori isolatu zuten, eta LAV deitu zioten ( linfadenopathy associated virus edo linfadenopatiarekin erlazionatutako birusa). Gero lotu zuten birusa hiesarekin, eta GIB izena eman zioten, giza immunoeskasiaren birusa, alegia.

Yoichiro Nambu (ezkerrean). Estatubatuarra, 1921ean Tokion jaioa. 1952an doktore izendatu zuten Tokioko Unibertsitatean. Gaur egun, irakasle emeritua da Chicagoko Unibertsitateko Enrico Fermi Institutuan. Makoto Kobayashi (erdian). Japoniarra, 1944an jaioa. 1972an doktoratu zen Nagoyako Unibertsitatean. Irakasle emeritua da Tsukubako Energia Handiko Azeleragailuen Ikerketa Erakundean (KEK). Toshihide Maskawa (eskuinean). Japoniarra, 1940an jaioa. 1967an doktore-titulua lortu zuen, Nagoyako Unibertsitatean. Irakasle emeritua da Kiotoko Unibertsitateko Fisika Teorikoaren Yukawa Institutuan (YITP).
(Argazkia: Chicagoko Unibertsitatea; KEK)

Simetria-hausturei buruzko aurkikuntzak Fisikako Nobel sarian

Yoichiro Nambu, eta Makoto Kobayashi eta Toshihide Maskawa

Lehenengoari "fisika subatomikoko berezko simetria-haustura azaltzeagatik", eta beste biei "gutxienez hiru quark-familia aurresaten zituen simetria-hausturaren azalpena aurkitzeagatik"

Fisikako Eredu Estandarrak oinarrizko partikulen mundua deskribatzen du. Haren arabera, oinarrizko partikulak hiru familiatan banatzen dira. Baina, ez da beti horrela izan; eredu horretara iristeko, hainbat oztopo gainditu behar izan dituzte fisikariek.

Arazoetako bat zen suposatzen zutela oinarrizko partikulek simetriaren legeak betetzen zituztela. Baina, pixkanaka, esperimentuek erakutsi zuten zenbait kasutan simetria apurtu egiten zela; eta horrek kolokan jarri zuen garaiko eredua. Inork ez zekien zergatik gertatzen zen hori. Eta, 1972an, Makoto Kobayashi eta Toshihide Maskawa ikertzaile gazteek --fisika kuantikoko kalkuluetan iaioak biak ere-- soluzioa aurkitu zuten: simetria-haustura ulertzeko, beharrezkoa zen hiru quark-familia existitzea.

(Argazkia: Fermilab)
Ideia ausarta zen, baina Eredu Estandarrak jaso egin zituen quark hipotetiko haiek. Eta gerora aurkitu egin dituzte Kobayashik eta Maskawak kalkulatutako quarkak. Orain, Nobel-erdiarekin saritu dute ideia hura.

Masen jatorria

Ordutik, hiru familiatan banatzen ditu Eredu Estandarrak oinarrizko partikulak. Ereduko partikula astunena (top quark), arinena (elektroia) baino 300.000 aldiz astunagoa da. Zergatik halako diferentziak?

Fisikari gehienek uste dute beste simetria-haustura bat dela horren arrazoia: Higgs mekanismoa. Teoria horren arabera, unibertsoaren lehen faseetan Higgs mekanismoak indarren arteko simetria apurtu zuen, eta partikulei masa ezberdinak eman zizkien.

Teoria horren lehen harria Yoichiro Nambuk jarri zuen, 1960an, berezko simetria-hausturaren ideia sortu zuenean. Supereroankortasunaren kalkulu teorikoetan lan egin zuen Nambuk. Eta, gerora, fenomeno horretan gertatzen den berezko simetria-haustura oinarrizko partikulen munduan aplikatu zuen. Hark sortutako tresna matematikoak ezinbestekoak izan dira egungo Eredu Estandarra ulertzeko. Horregatik eman diote Namburi sariaren beste erdia.

Proteina berde fluoreszentea Kimikako Nobel sarian

Osamu Shimomura (ezkerrean). Japoniarra. 1928an jaioa. Japoniako Nagoya Unibertsitatean Kimika Organikoan doktoratu zen, 1960an. Gaur egun, Estatu Batuetako Itsas Biologia Laborategiko eta Boston Unibertsitateko irakasle emeritua da. Martin Chalfie (erdian). Estatubatuarra. 1947an jaioa. Neurobiologian doktoratu zen 1977an, Harvard Unibertsitatean, eta biologia-irakaslea da orain New Yorkeko Columbia Unibertsitatean. Roger Y. Tsien (eskuinean). Estatubatuarra. 1952an jaioa. Cambridge Unibertsitatean Fisiologian doktoratu zen, 1977an. Gaur egun, Kaliforniako San Diego Unibertsitateko irakaslea da, 1989az geroztik.
(Argazkia: Tom Kleindinst; Eileen Barroso; San Diego Unibertsitatea)

Osamu Shimomura, Martin Chalfie eta Roger Y. Tsien

"Proteina berde fluoreszentea (GFP) aurkitzeagatik eta haren aplikazioak garatzeagatik"

Proteina berde fluoreszentea (GFP) 1962an ikusi zuten lehenengo aldiz Aequorea victoria marmokan. Ordutik, proteina oso interesgarria da zientzialarientzat, saiakuntza askotarako oso baliagarria baita. Esaterako, tumoreen hazkuntza eta Alzheimer gaixotasunaren garuneko garapena beha daitezke hari esker. Zehazki, zeluletan gertatzen diren erreakzio kimikoen nondik norakoak jakiteko erabil daiteke proteina hori. Horretarako, zientzialariari interesatzen zaion molekulara atxikitzen da proteina, eta kanpotik datorren argia xurgatzean fluoreszentzia igortzen du. Horrela, ikusi nahi duen molekula begi-bistan geratzen zaio zientzialariari.

Marmokaren argia

Osamu Shimomurak Aequorea victoria marmokaren GFP proteina fluoreszentea isolatu zuen.

(Argazkia: San Diego Unibertsitatea)
GFP proteinak 238 aminoazido ditu, eta horietako hiruk (Ser65-Tyr66-Gly67) beren artean erreakzionatu eta kromoforo berezi bat ematen dute. Argi ultramoreak edo urdinak GFParen kromoforo horren aurka talka egitean, argi berde fluoreszentea igortzen du. Aipagarriena hau da: GFP proteinak ez du bestelako osagairik behar distira egiteko, nahikoa da argi ultramorearekin edo urdinarekin irradiatzea. Beste biolumineszentzia-proteinek, ordea, energia osagarria emango dieten molekulak behar dituzte.

Ikerketa horien guztien ondoren, Chalfie estatubatuarrak proposatu zuen GFP proteina prozesu oso baten gene aktibatzaileari ezartzea, proteina aktibatzaile horrek abiarazitako prozesuak behatzeko. Izan ere, argi berdeak prozesu horiek guztiak argituko lituzke.

Azkenik, Roger. Y Tsien-ek erreakzio-mekanismoa aztertu zuen, eta ikusi zuen oinarrizko hiru aminoazido horiek ordezkatuz gero proteina horrek espektroaren beste eremuetako argia ere xurgatzen eta igortzen zuela. Zenbait aminoazido-elkarketa egin ostean, GFP proteinak ziana, urdina eta horia igortzen zituela ikusi zuen ikertzaile estatubatuarrak. Horri esker, gaur egun, proteinak kolore ezberdinekin marka ditzakete ikertzaileek, haien arteko elkarrekintzak aztertzeko, besteak beste.

Galarraga Aiestaran, Ana; Kortabitarte Egiguren, Irati; Etxebeste Aduriz, Egoitz
3
247
2008
11
028
Sariak; Medikuntza; Fisika; Kimika; Biokimika
Artikulua
18

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia