}

2001 Descartes Saria, hiesaren eta katalizatzaile asimetrikoen inguruko lanentzat

2001/11/28 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Descartes Sariak europar elkarlanaren ondorio diren ikerketa zientifiko eta teknologikoak saritzen ditu urtero. Oraingo honetan, Belgikako eta Erresuma Batuko ikerketaburuak dituzten bi lan saritu dira.

Aurtengo Descartes Sariak atzo bertan banatu ziren, Bruselasko Solvay liburutegi historikoan. Sari hori zientziaren alorreko edozein lanek eskura dezake, baita ekonomia eta giza zientzietakoek ere. Proiektuak baloratzean, batez ere lanen kalitatea eta elkarlanerako ahalegina hartzen dira haintzat.

Oraingoan, aurkeztu diren 50 talde ingururen artean erabaki behar izan dute. Saritutako lanetako batek giza immunoeskasiaren birusaren aurkako botika berrien garapena zuen helburu. Proiektu horretan sei herrialdetako ikertzaileak aritu dira elkarlanean, Jan Balzarini ikerlari belgikarra buru zutela. Helburu bera zuten denek: giza immunoeskasiaren birusari aurre egitea. Horretarako, birusaren ugalketa-zikloan blokeagarri liratekeen gune berriak azterketu dituzte. Birusa ugaritzeko ezinbestekoa den alderantzizko transkriptasa entzima blokeatzen duten inhibitzaile berriak aurkitu dituzte elkarlan horren ondorioz. Horietako inhibitzaile batek (tenofovir-ek) urtea amaitu aurretik hiesa dutenekin erabiltzeko baimena jasoko du, Estatu Batuetako Botika Antibiralen Aholkularitza Batzordeak baiezkoa eman baitio.

Elkarlan horrek bestelako lorpenak ere izan ditu, besteak beste, B hepatitisa eta herpesa sorrarazten dituzten birusen aurkako borrokan. Bestalde, giza immunoeskasiaren birusaren aurkako botiken azterketa egiteko europar zerbitzua sortu du, eta urteko milaka substantziaren azterketa azkarra ahalbidetu du horrek.

Saritutako beste lanak, berriz, produktu kimikoak sortzeko katalizadore asimetriko berrien garapena zuen helburu. Askotan, hainbat estereoisomero dituzten konposatuen kasuan, isomero bakoitzak aktibitate desberdina izan dezake. Hori dela eta, farmaziagintzan, esaterako, botika eraginkorra izan dadin garrantzi handikoa izaten da dagokion estereoisomeroa baino ez sintetizatzea.

Estereoselektitate handiko molekula organikoen sintesi kimikoa zailtasun handiko prozesua izaten da. Hala ere, Londresko King´s College-ko Michael North ikertzailearen taldeak teknologia kimikoan eta farmazia-industrian ezinbestekoak diren konposatu horien sintesia fintzeko ahalegin handia egin du.

Atzoko sariketan epaimahaiak aurkeztu diren talde gehienen kalitatea nabarmendu nahi izan zuen, izan ere urte luzez egindako ikerketa-proiektuak dira gehienak.

Descartes Sariari buruzko informazio gehiago nahi duenak egin klik hemen .

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia