}

2. Ospetsua delako sinetsiko diozu?

2020/11/12 Elhuyar Zientzia

2-ospetsua-delako-sinetsiko-diozu

 

Askotan gerta dakiguke informazioa pertsona famatu baten edo nolabaiteko autoritatea (politikoa, erlijiosoa, zientifikoa,...) duen pertsona baten bidez jasotzea. Baina, kontuz!, ospea edo autoritatea izateak ez du bermatzen informazioaren egiazkotasuna, ezta pertsona hori autoritate zientifiko bat bada ere.

Eskuartean dugun informazio bat sinesteko, oso garrantzitsua da jakitea norena den adierazpen hori eta ea aditua den adierazpenaren esparruan. Hurrengo lerroetan azaldu bezala, ematen den informazioaren arloan aditua izateak ere ez dio sinesgarritasun osoa ematen pertsona horri, eta, aurreko paragrafoan komentatu bezala, ezinbestekoa da jakintzagai horretan adituak diren beste batzuen iritzia ere ezagutzea, hau da, komunitate zientifikoaren iritzi ezagutzea.

Askotan gertatzen da pertsona batek informazio jakin bat zabaltzea, egia izan ala ez, bere ospea edo boterea baliatuta. Hala, gerta daiteke norbait bere ospeaz edo autoritateaz baliatzea gai bati buruzko (polemikoa normalean) iritzi pertsonalak zabaltzeko eta benetako informazioa zapuzteko (interes jakin batengatik ala ez).

Pentsamendu kritikoa duten pertsonek zalantzan jarriko dute informazioa, datorren bidetik etorrita ere, eta, nahiz informatzailea ospetsua edo gaiaren inguruko autoritate bat izan, esaten duena egia dela baieztatzen saiatuko dira. Baina beste batzuek pentsatuko dute nahikoa dela pertsona baten ospea edo autoritatea pertsona horrek dioena egia dela bermatzeko, beste ezer planteatu gabe.

Autoritate politikoa, ekonomikoa edo kulturala duen norbaitek bere esparruarekin zerikusirik ez duen zerbaiti buruz hitz egiten edo iritzia ematen duenean, errazagoa da esaten duenaren sinesgarritasuna zalantzan jartzea; baina, zer gertatzen da autoritatea zientifikoa denean? Bermatuta dago esaten duenaren sinesgarritasuna? Ez beti, eta informazioaren sinesgarritasuna bermatzeko, oso garrantzitsua da jakitea zer iritzi duen komunitate zientifikoak adituak esandakoaz.

Kontuz, beraz, nolabaiteko ospea edo autoritatea duen norbaitek ematen duen informazioarekin. Izan ere, pertsona baten ospeak edo autoritateak ez du bihurtzen erabateko egiaren jabe.

Aurreko paragrafoetan azaldutakoa falazia-mota batekin erlazionatu daiteke, Argumento ad verecundiam izenaz ezagutzen denarekin, hain  zuzen: informazio baten sinesgarritasuna defendatzeko, gai horretan jakituna den norbait aipatzea esan nahi du, bestelako arrazoirik eman gabe.

Atal honetan azaldutako guztia errazago ulertzeko, zenbait pertsonak koronabirusaren inguruan esandakoen sinesgarritasuna aztertuko dugu hurrengo lerroetan. Arrazoi desberdinengatik, informazioa ematen duten pertsonek nolabaiteko ospea edo autoritatea dute, baina ikusi dugun bezala horrek ez die sinesgarritasuna ematen:

 

Miguel Bosé abeslari ospetsua: COVID-19aren pandemia hasi zenetik, Miguel Bosék protagonismo handia hartu zuen, ez bere abestiengatik, baizik eta gaitzaren hedapena geldiarazteko proposatutako neurriak etengabe zalantzan jartzeagatik sare sozialen bidez. Haren aldarrikapenak hizpide ugari eman dute, konspirazio-teoriei buruz egindako aipamenengatik eta COVID-19aren hedapena murrizteko neurriak txertoen merkatuarekin eta 5G-arekin erlazionatzeagatik.

Beste polemika batean ere protagonismo handia izan zuen artistak, maskara erabiltzearen aurka egin zuelako maskararen erabilera derrigortu zenean kalean birusaren hedapena murrizteko. Duen ospea erabili zuen Twitterreko kontutik Madrilen egindako maskararen erabileraren kontrako manifestazio-deialdia ikusgarriagoa egiteko eta han egongo zela jakinarazteko. 

Bosék egindako baieztapenek ez zuten zehaztasun zientifikorik, eta gezurtatu egin ziren, baina haren jarraitzaile batzuek eta pandemia ez hedatzeko neurrien kontrako eszeptiko batzuek ere sinetsi egin zuten.

Aurrekoagatik guztiagatik, sare sozialetako kritika askoren itu bihurtu zen Bosé, eta, bere hitzak irentsi behar izan zituen; Instagrameko profilean argitaratu zuen bideo batean koronabirusa existitzen zela aitortu zuen. “Esan da esan dudala batzuek diotela birusa ez dela existitzen. Birusa existitzen da, eta birusak jende asko hil du”, esan zuen abeslariak. Bideoan, ordea, ez zuen aipatu maskaren erabilerari buruzko polemika, eta aprobetxatu zuen bere jarraitzaileei eskatzeko ez gelditzeko gaiaren inguruko ikuspuntu bakar batekin, eta salatzeko sare sozialetako profilak kenduz “zigortu” zituztela bera eta ideia berak defendatzen dituzten beste batzuk.

 

Donald Trump, AEBko presidentea: 2020ko apirilean, prentsaurreko batean esan zuen komeni zela aztertzea ea biriketan desinfektatzailea injektatzeak lagundu zezakeen koronabirusaren aurkako borrokan. Trumpen hitzek erantzun azkarra izan zuten; zientzialariek, segurtasun-agentziek eta produktu desinfektatzaileen fabrikatzaileek ohartarazi zuten arriskutsua zela desinfektatzailea edo lixiba irenstea, injektatzea edo gorputzean edonola sartzea. Osasunaren Mundu Erakundeak ere Trumpen adierazpenak ezeztatu zituen, eta ohartarazi zuen oso arriskutsua zela desinfektatzailea edatea edo injektatzea COVID-19aren  gaitza sortzen duen Sars-Cov-2 birusa desagerrarazteko.

Baina izan zen Trumpen hitzak sinetsi zituenik ere, eta prentsaurrekoaren ondoko egunetan asko hazi zen New Yorkeko intoxikazioak kontrolatzeko zentroan lixiba edateagatik jasotako deien kopurua.

Desinfektatzaileen erabileraren inguruan egindako adierazpen horiek sortutako zurrunbiloa ikusita, ironiaz hitz egin zuela adierazi zuen Trumpek.

 

Cañizares Kardinala (Balentziako artzapezpikua): Cañizaresek, Ama Birjinaren Jasokundearen eguneko mezan (2020ko abuztuaren 15ean), ziurtatu zuen zientzia eta teknologia ez direla nahikoak koronabirusaren pandemiari aurre egiteko; benetako itxaropena Jainkoarengandik baino ezin dela etorri adierazi zuen.

Baina aurrekoa ez da Cañizaresek koronabirusaren inguruan egin duen adierazpen polemiko bakarra. Corpus Christiaren meza (2020ko ekainean) aprobetxatu zuen txertoen aurkako mugimenduko kide batzuen artean sortutako amen-omen bat zabaltzeko: koronabirusaren antidotoa aurkitzeko lasterketan, txertoetako bat abortatutako fetuen zelulekin egiten zela ohartarazi zuen Cañizaresek.

Cañizares kardinalak pandemiaren eta txertoen aurkako oposizioa gai moral edo erlijioso bihurtzeko erabili zituen esandako guztiak: koronabirusari aurre egiteko zientziaz gainera Jainkoa eta Ama Birjina ezinbestekoak zirela eta txertoa garatzeko abortatutako fetuen zelulak erabiltzen zirela (deabrua ere aipatu zuen). Cañizaresek elizako pulpitua erabili zuen bere autoritate erlijiosoaren bitartez gezurrak eta zientifikoki egiaztatu gabeko baieztapenak zabaltzeko. 

 

Aurkeztu diren aurreko hiru adibidetako pertsonak ez dihardute lanean koronabirusaren inguruan, eta ez dira  antzeko gaietan adituak. Baina atal honen hasieran esan bezala, gai batean aditua izateak ere ez du informazioaren sinesgarritasuna bermatzen. Hurrengo lerroetan beste bi adibide emango ditugu. Aurrekoekin konparatuz, pentsatzekoa da aurkezten diren kasuetako protagonistek, beren formakuntza eta lanengatik, gehiago dakitela koronabirusari eta pandemiari buruz. Goazen, bada, esan dutena sinesgarria den aztertzera:

 

“Médicos por la verdad” erakunde negazionista: “Médicos por la verdad” plataformak galderarik gabeko prentsaurreko batean aurkeztu zuen bere burua  Madrilen 2020ko uztailean. Taldea Espainiako 140 medikuk baino gehiagok osatzen dute, eta Alemaniako “Ärzte für die Wahrheit" (Medikuak egiaren alde) plataforma du erreferentziatzat. Prentsaurrekoan esandako guztiak sare sozialetan zabaldu zen bideo batean jaso ziren, eta pandemiaren eta haren osasun- eta politika-kudeaketaren kontrako baieztapenak defendatzen eta justifikatzen zituzten. Prentsaurreko horretan frogarik gabe egin zioten eraso maskararen erabilerari, konfinamenduari eta SARS-CoV-2a detektatzeko erabiltzen diren PCR proben eraginkortasunari. Gainera, gripearen aurkako txertoaren eta COVID-19aren artean lotura dagoela edo gaixotasunerako tratamendu eraginkorra ezagutzen dela ere esan zuten.

“Médicos por la verdad” taldeak bere webgunean argitaratzen duenaren arabera, mendebaldeko medikuntzaren ikuspegia ez da ez osasungarria, ez zientifikoa. Hau da beren webgunean literalki jasotzen dutena: “Mendebaldeko medikuntzaren ikuspegia ez da ez osasungarria ez zientifikoa, eta, beraz, baimen informatuaren parametro etikoak urratzen ditu”. Facebookeko beren profilean argitaratutako bideo baten arabera, taldearen helburua koronabirusari buruzko ustezko egia azaltzea da, eta, hala, SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemiari dagokionez, "politikarien eta hedabideen bertsio ofiziala" zalantzan jartzea.

Mediku talde honek komunitate zientifikoaren kontrako iritzi asko defendatzen ditu, baina ez ditu pisuzko ikerketekin defendatzen bere baieztapenak. Beraz, ez dituzte informazio bat fidagarria izateko irizpideak betetzen. Hala ere, taldeak esandakoak baditu jarraitzaileak, eta pandemiaren inguruan sortu diren korronte negazionistek ere bere egiten dituzte haien argumentuak.

 

Euskadiko Biologoen Elkargoaren Dekanoa: Jon Ander Etxebarria Garate, Euskadiko Biologoen Elkargoaren Dekanoak, hainbat gogoeta argitaratu zituen 2020ko abuztuan Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak  koronabirusaren osasun-krisian hartutako neurriak zirela eta. Bazterrak harrotu zituen dokumentuak, hainbat baieztapen faltsuak egiteagatik. Euskadiko Biologoen Elkargoaren (COBE) webgunean argitaratu zuen dokumentuan, Etxebarriak zalantzan jarri zituen asintomatikoen kutsatzeko gaitasuna, diagnostikorako erabiltzen den PCR probaren fidagarritasuna, birusaren hedapena murrizteko egindako konfinamendu zorrotzaren eraginkortasuna eta maskararen erabileraren egokitasuna, besteak beste. Etxebarriak dokumentuan aipatzen zituen iturrien artean ia ez zegoen artikulu zientifikorik; Youtubeko bideoak eta "Médicos por la verdad" elkartearen prentsaurreko bat aipatu zituen, besteak beste, iturri gisa, guztiak ere zehaztasun zientifiko badaezpadakoak.

Dokumentua COBEren webgunean argitaratu zen, eta elkargoak, dokumentua argitaratu eta egun batzuetara webgunetik kendu zuen. Dokumentua webgunetik erretiratzeko arrazoi hauek eman zituen, prentsa-ohar baten bidez: "Dokumentu hori ez da eztabaidatu, ez adostu; ez du COBEko Gobernu Batzordeko ezein kidek babestu, eta ez du islatzen Euskadiko biologoen talde osoaren pentsamendua. Iritzi pertsonal bat denez, ez zen COBEren webgune instituzionalean argitaratu behar, eta ez zuen COBEren logoa eraman behar; horregatik erretiratu da".

Dokumentuan kritikatutako informazio guztiak zientifikoki frogatu dira; horrek kritikak eragin zituen Etxebarriaren aurka, eta zalantzan jarri zen haren profesionaltasuna. 

 

Aurreko bost adibideekin ikusi dugun bezala, jasotzen dugun informazioaren autoretzak ez du bermatzen haren sinesgarritasuna, eta, beste behin ere, argi eta garbi ikusten da zeinen garrantzitsua den informazioa kontrastatzea.

 

Dokumentua deskargatzeko sakatu hemen.