19 mila milioi argi-urtera dagoen protokumulu baten sorrera argitu dute
2019/10/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
4C+23.56 izeneko irrati-galaxiaren inguruan dagoen protokumulua aztertu du nazioarteko talde batek, eta, besteak beste, protokumuluaren masa 32 bilioi eguzki-masa ingurukoa dela ondorioztatu dute. Gaur egunetara eboluzionatuz gero, kalkulatu dute 100 bilioi eguzki-masakoa izango dela.
Itziar Aretxaga Mendez astrofisikariak parte hartu du ikerketan, eta hark azaldu duenez, grabitateak elkartutako milaka galaxiek sortutako egiturak dira kumuluak, Unibertsoan ezagutzen diren egitura handienak. Orain aztertu duten egitura 4C+23.56 irrati-galaxiako ingurukoa da, eta 19 mila milioi argi-urtera dago, gutxi gorabehera.
ALMA (Atacama Large Milimeter/submilimeter Array) irrati-teleskopioaren bitartez, irrati-galaxiaren eremuko galaxia gazteen espektruak hauteman zituzten, protokumuluaren barruan ote zeuden baieztatzeko eta taldearen barruko mugimendu erlatiboak neurtzeko.
Horri esker, gai izan dira protokuluaren masa kalkulatzeko. Aretxagaren arabera, protokumulua analogia egokia da ezagutzeko nolakoa zen iraganean gure superkumulua, Virgo. Hain zuzen, Esne Bidea, Andromeda galaxiarekin batera, tokiko taldearen parte da, eta Virgoren satelitea. Haren erdigunea 54 milioi argi-urtera dago.
Ikertzaileek arXiv-en irekian plazaratu dute artikulua, xehetasun guztiekin.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia