}

150 milioi euro industria-proiektuetarako

2001/03/28 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Europako Batasunak 150 milioi euroko diru-laguntza esleitu die produktu, prozesu eta material berriak garatzera bideratutako 81 proiektu estrategikori. Guztira 1.000 partaide inguru bildu dira proiektuen inguruan, hau da, batez beste 10 partaide proiektuko. Europako Batasunak ikerketa mailan herrialdeen arteko kooperazioa handitu dela azpimarratu du, baita industriaren parte-hartzea ere. Izan ere, proiektu asko epe luzera begira martxan jarriko badira ere, partaideen ia % 50 industria-erakundeak dira. Hala ere, enpresa txiki eta ertainen parte-hartzea ez da nahi bezain handia izan.

Aukeratu diren proiektuek ezaugarri zientifiko eta tekniko nabarmenak dituztela eta, bai gizartearen beharretan baita merkatu berrietan ere balizko inpaktu estrategikoa izan dezaketela adierazi du Europako Batasunak. Ondoren proiektu horietako bi aipatzen dira:

Algetan oinarritutako bioitsasgarriak: Aplikazio medikoetarako proiektua da honakoa. Helburua ebakuntza ondoren azala eta mukosak itsasteko itsasgarri biologikoak ekoiztea da eta, horretarako, itsasoari begira jarri dira. Izan ere, itsasoan badira gainazalei itsatsita bizi diren hainbat organismo, tentsio-egoera bortitzetan ere askatzen ez direnak. Alga horiek erabiltzen dituzten itsasgarrietatik ikasi nahi da proiektu honen bidez.

Aplikazio optikoetarako polimeroak: Elektronikan, konputagailuetan, telekomunikazioetan, material ez-organikoetan oinarritutako teknologia erabiltzen da gaur egun, baina material polimerikoetarako joera geroz eta nabarmenagoa da. Izan ere, polimeroak egitea errazagoa eta merkeagoa da. Oraindik silizioa da nagusi merkatuan, baina polimeroena indartsu garatzen ari den ikerketa-lerroa da. Europako Batasunak aplikazio optiko eta elektronikoetarako baliagarriak izan daitezkeen material berriak diseinatu, sintetizatu eta ekoitziko dituzten proiektuetarako eman du diru-laguntza.

Bestalde, industriako metodologia hobetzeko plana ere martxan jarriko dute. Egitasmo honen barruan, produktu eta zerbitzu berriak garatzeko orduan kontuan hartu beharreko faktore guztiak zehaztuko dira, hala nola ingurugiroa edo etika, enpresek garapen-metodologia egoki bat izan dezaten. Horrez gain, erakundeen arteko komunikazioa eta kooperazioa bultzatu eta babestuko duen E-CORE ikerketa-sarea ere indartuko da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia